35 urte Mikel Zabalza gabe
Gaurko egunez, duela 35 urte, Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaizetarra atxilotu zuen Altzako bere etxean. Zabalza hogei bat egunez desagertuta egon zen, eta Bidasoa ibaiko uretan hilik agertu zen abenduaren 15ean; harekin atxilotutakoek torturak salatu zituzten.
1985eko azaroaren 25etik 26rako gaua zen Espainiako Guardia Zibila Jolastokietara heldu, eta Mikel Zabalza (1952-1985) Donostiako autobusetako gidariaren etxera sartu zenean. ETAko kidea zelakoan –ez zen inoiz frogatu orbaizetarraren eta talde armatuaren arteko harremana zegoenik–, guardia zibilek Zabalza atxilotu egin zuten, eta operazio berean atxilotu zituzten bere bikotekide Idoia Aierbe, bere lehengusu Manuel Bizkai, bere anaietako bi, Patxi eta Aitor, eta Ion Arretxe idazlea.
Denak kalera atera ziren ordu batzuk edo egun batzuk beranduago, eta Aierbek eta Arretxek salatu zuten torturak pairatu zituztela Intxaurrondoko kuartelean. Zabalza, ordea, desagertuta egon zen hiru astez. Garai hartan, Guardia Zibilak esan zuen Endarlatsa (Nafarroa) inguruan ETAren arma zulo bat egiaztatzen ari zirenean, Zabalzak ihes egin zuela eta zulo batetik Bidasoa ibaira erori zela; euren arabera, ibaian itota hil zen. Zabalzaren bila zebiltzanek zona hori miatu zuten hainbat egunez, baina ez zuten gorpua aurkitu; ordea, abenduaren 15ean aurreko egunetan miatutako leku berean agertu zen Zabalzaren gorpua. Tortura zantzuak zituen. Hainbat ikerketek Guardia Zibilaren bertsioa ezeztatu dute azken 35 urteotan, baina kasua artxibatuta dago 2o1oetik, eta bertsio ofiziala Guardia Zibilarena da oraindik. Ez du inork ordaindu Zabalzaren heriotzarengatik, eta ez du inork barkamena eskatu.
Urtero, Mikel Zabalza Herri Ekimenak Zabalza omentzen du Altzako San Martzial plazan duen monolitoan, eta Orbaizetan (Nafarroa) ere omenaldiak egin ohi dizkiote. Aurten, 35 urte betetzen direnez, hainbat egitasmo egiten ari dira: Non dago Mikel? dokumentala estreinatu zuten Zinemaldian, Emakumea eta tortura mahai-ingurua egin zuten astelehenean datozen asteetan Mikelen Txokoa inauguratuko dute; Zabalzaren omenezko eta torturatu guztientzako egia justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko gune bat izango da. Hain zuzen, hedabide honek Jose Ramon Zapirain Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kidearekin hitz egin du Mikelen Txokoaren nondik norakoak ezagutzeko; ostiralean izango da irakurgai erreportajea, astekarian eta Irutxulo.hitza.eus webgunean. Era berean, herri ekimenekoek agerraldia egingo dute gaur (hilak 26) eguerdian Altzan, urteurrenaren harira antolatu dituzten jardueren berri emateko eta Zabalza gogoratzeko.