Abenduaren 19an inauguratuko dute Mikelen Txokoa Altzan, Mikel Zabalzaren omenezko gunea
Gaur, hilaren 26an, 35 urte bete dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza, Altzan bizi zen orbaizetarra, atxilotu zuenetik; hogei egun beranduago tortura zantzuekin hilik agertu zen Bidasoa ibaian. Altzako Mikel Zabalza Herri Ekimenak urtero omentzen du Zabalza, baina aurtengoa urteurren berezia da. Izan ere, Non dago Mikel? dokumentala estreinatu dute Zinemaldian, hainbat jarduera egin dituzte, eta Mikelen Txokoa egitasmoa gauzatuko dute. Herri ekimenak agerraldia egin du eguerdian Jolastokietan, eta Mikelen Txokoa abenduaren 19an inauguratuko dutela iragarri dute. Horretaz gain, abenduaren 12an Herreratik Bidebietara joango den ibilaldia egingo dutela ere iragarri dute, Idoia Aierbe omentzeko. Aierbe Zabalzaren bikotekidea zen, eta berarekin batera atxilotu zuten. Torturak pairatu zituen, eta 2018an zendu zen, torturen ondorioak bizi guztian jasan ondoren.
Herri ekimeneko kideek nabarmendu dute Zabalzaren kasuan oraindik “lainoak” daudela, bertsio ofizialak “gezurraren gainean eraikia” jarraitzen duelako; “bada garaia gai honetaz egia, justiziam aitortza eta oroitzapena izan dadin”, gaineratu dute. Azaldu dutenez, Mikelen Txokoa “Mikelen eta harekin atxilotutakoen memoria gordetzeko gunea izango da”. Altzako San Martzial plazan Zabalzaren omenezko monolito txiki bat dago 1995ean, horma zuriz inguratuta; horma horietan jarriko dituzte Zabalzaren omenezko eta torturaren aurkako oroigarriak. Hedabide honek Jose Ramon Zapirain herri ekimeneko kidearekin hitz egin du, Mikelen Txokoaren nondik norakoak ezagutzeko, eta erreportajea ostiralean izango da irakurgai, paperezko astekarian eta Irutxulo.hitza.eus webgunean.
Era berean, gogoratu dute Donostiako Udalak Zabalzaren memoriaren alde lan egiteko konpromisoa hartu zuela bere garaian: “Hainbatetan udalak Mikel oroitzeko egin dizkiogun eskaerak atzera bota izan baditu ere, azkenean, eta udal barrutiko aurrekontu parte-hartzaileen bidetik, Mikelen Txokoa egingo da. 35 urte itxoin behar izan dugu udalaren eta herri ekimenaren arteko lankidetza lortzeko; gaitz erdi”.