Intxaurrondoko argazki zaharren erakusketa abenduaren 8ra arte luzatu dute
Azaroaren hasieran antolatu zuten Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE) eta Altzako Historia Mintegiak Intxaurrondo: ibilaldi bat iraganetik argazki erakusketa Garberan, eta hilaren 21era arte egon behar bazen ere, izandako arrakasta ikusita, abenduaren 8ra arte luzatu dute.
Antolatzaileen arabera, Intxaurrondok, “Altzako gainontzeko auzoek bezala”, XX. mendeko bigarren erdialdetik aurrera izan duen bilakaera urbanistiko handia argazkien bidez erakustea da erakusketaren helburu nagusia, baita auzoko komunitatean modu boluntarioan egiten den lanari aitortza egitea ere.
Era berean, “memorian galtzeko zorian dauden hainbat irudi eta historia” ezagutarazteko helburua ere badu erakusketak, hala nola, tranbia, lantegi zaharrak, eskolak, sagardotegiak eta Donostiak Altza herria bereganatu zueneko ekitaldia. Horretaz gain, auzoko emakumeek etxean, lantegietan eta sagardotegietan egiten zuten lanari keinu bat egin diote.