Kuartelak hipikara lekualdatuko dituzte, eta militarrak Loiolan geldituko dira
Loiolako kuartelak Urumea ibaiaren alde batetik bestera eramango dituzte, Espainiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, Loiolako hipikako lursailean eraikiko baitute armadarentzako gune berria. Izan ere, EAJk Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu du aste honetan, kuarteletako lursaila udalaren esku gelditzeko. Udalak 20 urte baino gehiago zeramatzan eskaera hori egiten, baina kuartela kokatzeko eskainitako leku guztiei –Antondegi, Eskuzaitzea, Belartza II eta Auditz Akular, esaterako– uko egin die Espainiako Gobernuak urteotan. Akordioa itxi eta bi egunera, ordea, Defentsa Ministerioak Loiolako kuarteletako militarrak (400 inguru) birkokatzeko gune bat aurkitu du: Loiolako hipika zaharra, gaur egungo kuarteletatik oso gertu. Donostiako hipika errege elkartea izandako lursail hori Defentsa Ministerioarena da. Hipikako kuartel berria eraikitzeko, udalak Loiolako kuartelen lursailarengatik ordainduko duen dirua erabiliko dute; prezio hori zehazteke dago oraindik, 2021ean osatuko duten batzorde batean zehaztuko baitute.
Loiolako kuarteletako lursailak hogei bat hektareako azalera du, eta Eneko Goia alkateak asteartean adierazi zuen 1.700 etxebizitza inguru egingo dituztela hor, “gehienak publikoak”. Izan ere, Urumeako ibarrean urbanizatzeko gelditzen den azken zona da kuarteletakoa, eta udalak Txomiñene eta Loiolako Erribera auzoak lotzeko etxebizitzak egin nahi ditu hor.
Akordioaren berri eman zutenetik, Espainiako Gobernuak nabarmendu zuen militarrak ez zirela Donostiatik joango, kuartelak birkokatzeko zona apropos bat bilatuko zutela baizik. Hala ere, Carlos Iturgaiz Euskal Autonomia Erkidegoko PPko buruak eta Jose Luis Arruek Gipuzkoako PPko buruak akordioa kritikatu dute egunotan, “nazionalismoaren mesedetan, Espainiako ikur guztiak Donostiatik kendu” nahi zituztelakoan. Donostiako PPko bozeramaileak, Borja Corominasek, ordea, hasieran akordioaren alde egin zuen, “hiriaren beharrei” erantzuten zielakoan. Gerora, ordea, Iturgaizen eta Arrueren ildoari jarraituz, kritikoago agertu dira Corominas eta Mikel Lezama PPko zinegotzia sare sozialetan, militarrak Donostian gelditzea “beharrezkoa” dela nabarmenduz.