Zinemaldiaren eta zentsura frankistaren arteko harremana aztertuko dute jardunaldi batean
Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa proiektuaren bitartez, Zinemaldiaren artxibo historikoa modu sakonean aztertzen ari dira, zinemaldiaren “artxibo bizia” sortzeko asmoarekin. Hain zuzen, ikerketa horren zati bat jendaurrean aurkezteko jardunaldi bat egingo dute abenduaren 4an, ostiralean, Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatutakoa. Zehazki, 1960tik 1971ra bitarteko hiru zentsura gertaerak izango dituzte hizpide: 1960ko Zinematografia Eskolen Topaketa, 1968ko New American Cinema, eta 1971ko edizioa. Azken honetan, bi film debekatu zituzten: Canciones para despues de una guerra eta Liberxina 90.
Jardunaldia Tabakalerako zinema aretoan egingo dute, arratsaldean, 16:30etik 21:00etara. Bestela esanda, saioak lau ordu baino gehiago iraungo du. Ondorioz, beharrezkoa izango da KN95 edo FFp2 maskarak erabiltzea. Programaren inguruko xehetasunak lotura honetan irakur daitezke.
Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa proiektuan, aipatutako erakundeez gain, Tabakaleraren, Euskadiko Filmategiaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzen ari dira. Proiektu honen lehen fasea Zinemaldiaren 70. edizioan amaituko da, ondo bidean, 2022an. Bitartean, proiektuaren parte desberdinak jendaurrean aurkezteko hainbat egitasmo egin dituzte. Iaz Zinemaldiak 1976tik 1980ra izandako bilakaera ikertu eta aurkeztu zuten, eta udan ere EHUko Udako Ikastaroa antolatu zuten, Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak: historia, kultura eta politika izenarekin. Abenduan, Zinemaldia 70en programa publiko egingo dute, eta 2021ko lehen hiru hilabeteetako programa aurkeztuko dute.