Zuzeneko kultur emanaldiak bultzatzeko 'Beste bat!' zirkuitua aurkeztu dute
Azarotik otsailera, 250 emanaldi antolatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Donostian izango dira horietako batzuk, eta talde zein bakarlari donostiarrek parte hartuko dute.
Gaur goizean aurkeztu dute Beste bat! Zuzeneko arteen zirkuitua egitasmoa. Musika Bulegoak antolatu du, Sarea-Euskadiko Antzoki Sarearekin batera, eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du. Egitasmo honen bitartez, kulturaren eta euskal agertokien itzulera sustatu nahi dute, talentua ez dadin galdu. Era berean, zuzeneko artearekiko “ilusioa” piztu nahi dute.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailburuak adierazi duenez, “pandemiak bereziki kaltetu ditu kultur jarduerak, eta zehazki, musika”. Testuinguru horretan, Jaurlaritzari aproposa iruditu zaio, “diru laguntzak ematea baino, jarduerak sustatzea”. Izan ere, kontatu du duela gutxi kultur arloko enpresa txiki eta ertainentzat 2.000.000 euroko diru laguntzak jarri zituztela martxan, baina horietatik 1.500.000 ez zirela eman. Hain zuzen, diru hori erabili dute egitasmo hau sustatzeko.
Norbera bere herrian
Zupiriak azpimarratu du “ahalik eta toki gehienetara iristen saiatu direla” zirkuituarekin, helburua ez baita “jendea alde batetik bestera mugitzea”. Hain zuzen, kontzertuak Donostian, Bilbon eta Gasteizen izango dira, baina baita Arrasaten, Zarautzen, Ondarroan, eta Sopelan ere. Antzokien %75a Sareak-Euskadiko Antzoki Sareko kide da, Joxean Cubero Sareakeko arduradunak kontatu duenez. Donostian, zehazki, emanaldi gehienak Doka Kafe Antzokian izango dira, baina baita Dabadaban, Viktoria Eugenia Antzokian, eta Donostia Kulturako kultur etxeetan ere.
Zirkuitua dagoeneko martxan da, eta 2020ko azarotik 2021eko otsailera 250 emanaldi izango dira. Horietatik %80 kontzertuak dira, baina dantzaz, antzerkiaz eta zirku emanaldiez gozatzeko aukera ere eskainiko du Beste bat!-ek. Gainera, Aitor Bengoetxea Musika Bulegoko lehendakariak nabarmendu duenez, “talde guztiak Euskadin sortuak dira, eta emanaldien %70a euskaraz izango da”. Horrekin batera, emakumeen presentzia aintzat hartu dute zirkuitua antolatzeko. Bestalde, Get In promotorako Amaia Izpizuak azaldu du orain arte egin dituzten kontzertuek galera ekonomikoak izan dituztela. “Jaurlaritzaren laguntza publikoa eskertzen da”, azpimarratu du. Eragile guztiek azpimarratu dute euren arteko elkarlana.
Eskarmentu handiko artistek eta artista hasi berriek parte hartuko dute zirkuituan; hala nola, Ruper Ordorika, Huntza, Belako eta Izaro. Donostiako talde eta bakarlariei dagokienez, Nogen, Olatz Salvador, Sara Zozaya, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Pelaxek parte hartuko dute, besteak beste. Kontzertuen egitarau osoa lotura honetan kontsultatu daiteke.