Astiñene, Egia eta Loiola lotzeko zubia
Astiñeneko zubiak bi mende inguru daramatza Urumea ibaiaren gainean, Loiola eta Egia auzoak lotzen. Jatorrian egurrezkoa zen, baina XIX. mendearen erdialdean sendotzeko beharra ikusi zuten, eta gaur egunera arte heldu dena eraiki zuten. Orain zubi berria egiten ari dira.

Ibaia non, zubia han. Hori izan da historikoki gizakiaren joera, ibaiaren alde bateko herritarrak beste aldekoarekin lotzeko. Loiola eta Egia auzoetako bizilagunak ez ziren gutxiago izan, eta Astiñeneko zubia eraiki zuten duela hainbat mende. Ez dago dokumentatuta noiz eraikin zuten lehenengo zubia, baina 1815eko dokumentu batzuetan «Loiolako zubia» aipatzen da, egurrez egina zegoen zubiari erreferentzia eginez. Hala ere, Ancora Ondarearen Babeserako elkartearen arabera, hainbat mendez izan zen zubi hori hor.
XIX. mendearen erdialdean, ordea, karlistaldietan suntsitua eta berreraikia izan ondoren, zubia egoera txarrean zegoela atzeman zuten, eta Donostiako Udalak harrizko zubi berri bat egitea erabaki zuen. Joaquin Ramon Etxebeste udal arkitektoak egin zuen zubia, 1859an.
Ordutik, han izan da Astiñeneko zubia, nahiz eta modu ofizialean ez zuen izen hori izan 2013. urtera arte. Izan ere, urte luzez ‘Loiolako zubia’, ‘Egiako zubia’ eta ‘Sarasola zubia’ deitu izan zaio. Ordea, 2013an toponimia historikoa aintzat hartuz, Astiñene izena jarri zion udalak; ondoko baserri zaharretik hartzen du izena. Historian zehar moldaketa batzuk izan ditu; hala nola, 1862an Antonio Cortazar arkitektoak sarbideak moldatu zizkion.
Agur zubi zaharrari
Urte luzez Egiatik Loiolara eta Loiolatik Egiara zihoazen herritarrek erabili dute Astiñeneko zubia, baina 1859an gertatu bezala, zubiak arazoak eman ditu azken urteotan. Horregatik, prozesu luze baten ondoren, udala zubi berria eraikitzen ari da, eta diseinu garaikidea izango du. Ancorak sare sozialetan gaitzetsi du “beti gertatzen den moduan”, ez dutela zubiaren balio arkitektonikoa aintzat hartu, soilik erabilgarritasuna.
Hain justu, aste honetan iragarri du udalak zubi berriaren lanak 2021eko irailera arte luzatuko direla, eta %10eko gainkostua izango dutela; hiru milioitik gorako aurrekontua du proiektuak.