Gabonetako argiak piztu dituzte
Arratsaldeko seiak eta laurden inguru, Gabonetako argiak piztu dituzte hirian. 567 argiztapen-elementuk 103 kale argiz bete dituzte. Ohiko argiak jarri dituzte Santa Katalina eta Maria Kristina zubian, baita Urumea ibai inguruan ere. Baina azken urtetako haurrentzako zuhaitzaren ordez, Santa Katalina plazan argi eskultura bat izango da aurten: Iñigo Aristegi eskultore donostiarraren Besarkada lana, koronabirusaren ondorioak pairatu dituzten eta pairatzen ari diren pertsonak omentzeko.
Eskultura honen sorrera pandemia aurrekoa da Iñigo Aristegi eskultore donostiarrak, lanaren egileak, azaldu duenez. “Duela urte eta erdi gutxi gora behera, Donostia Sustapena nirekin harremanetan jarri zen, Gabonetako argien eta artearen arteko lotura bultzatu nahi zutelako. Besarkada baten eskultura Eguberrietarako oso aproposa zela iruditu zitzaidan hasiera-hasieratik”, kontatu du Aristegik. Izan ere, beste hainbat testuingurutan, besarkadaren gaia landua zuen eskultoreak. “Besarkadaren gaia 2008 urte inguruan hasi ginen lantzen, aureko krisialdiarekin. Mundu guztia oso triste zegoen, eta ikusi nuen besarkada ezinbesteko oinarri bat zela bi pertsonen arteko elkarbizitzarako eta elkarri babesteko”, plazaratu du eskultoreak. Hori dela eta, besarkada baten eskultura txikiak egiten hasi ziren, eta euren dendaren sarreran eskulturaren bertsio handi bat jarri zuten. “Erreakzio bitxia gertatzen zen: bi pertsona, aurretik igaro eta eskultura ikusten geratzen zirenean, elkar besarkatzen zuten”, adierazi du.
Horregatik, lehen maketa bat egin zuen besarkada bat irudikatuz. “Baina oso konplexua zen eta ezin izan genuen gauzatu”, esan du Aristegik. Gainera, Santa Katalina plazak baditu bere berezitasunak. “Azpian aparkalekua dago, beraz, ezin genuen zulatu; eta haize izugarria izaten da hemen. Azkenean, emaitza hau izan da”, nabarmendu du eskultoreak. Eskulturak 7 metroko altuera eta 800 kiloko pisua du, eta burdinez eta punta-puntako led argiz eginda dago.
Pandemia iritsi ondoren, COVID-19aren ondorioak pairatzen ari diren eta pairaatu dituzten omenezko eskultura bihurtu da. “Nolabait, mezu positibo bat helarazi nahi du. Hain zuzen, jendeak une honeta behar duena besarkada bat da. Beraz, saiatu gara eskultura hau energia puntu bat izan dadin, aurrera egiteko”, aipatu du.
Streaming bitartez
Gabonetako argiak pizteko ekitaldia streaming bidez eman du Donostiako Udalak. Hala ere, alkatea eta hainbat zinegotzi han ikusita, Santa Katalina plazatik igaro diren hainbat herritarrak ere zer gertatuko ote zen zain geratu dira. Ekitaldiaren aurkezleak, denen artean atzerako kontaketa egitea proposatu du. “Bost. Lau. Hiru. Bi. Bat”, egin dute denek oihu. Eneko Goiak eta Marisol Garmendiak botoi bat sakatu dute, eta aurrean zuten Besarkada argi eskultura piztu da.
Argiak piztuta, hurrengo pausoa Gabonetako azoka irekitzea izango da. Abenduaren 11tik aurrera, Frantzia Pasealekuan eta Santa Katalina plazan postuak izango dira, arropa, janaria eta bestelako produktuak saltzeko. Edukiera kontrolatzeko, hainbat zenbaketa sentsore izango dira, eta sartzeko eta irteteko zirkuitu bat izango da. Aurten, gainera, lehen aldiz, azoka birtuala ere izango da, abenduaren 18tik aurrera.