Mikelen Txokoa, torturatu guztien txokoa
35 urte bete dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza autobus gidaria atxilotu zuenetik. Handik hogei egunera, Bidasoa ibaian hilda agertu zen, tortura zantzuekin. Egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko, Mikelen Txokoa jarriko dute Altzan, Zabalza bizi zen auzoan.
Espainiako Guardia Zibila 1985eko abenduaren 26ko goizaldean sartu zen Mikel Zabalza (1952-1985) gaztearen etxera, Altzako Jolastokieta plazara. Zabalza atxilotu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten, eta operazio berean Ion Arretxe idazlea, Idoia Aierbe (Zabalzaren bikotekidea), Manuel Bizkai (Zabalzaren lehengusua) eta Patxi eta Aitor (Zabalzaren anaiak) atzeman zituzten. Atxilotuek torturak salatu zituzten, eta Mikel abenduaren 15ean agertu zen hilik Bidasoa ibaian, ikertzaileek aurreko egunetan miatutako leku berean. Bertsio ofizialaren arabera, ETAren zulo bat egiaztatzen ari zirela (ETAkoa izateagatik atxilotu zuten Zabalza, baina ez da inoiz frogatu Orbaizetakoak talde armatuarekin harremana zuenik), Zabalzak guardia zibilengandik ihes egin zuen, ibaira erori zen, eta itota hil zen. Hainbat ikerketek bertsio hori ezeztatu dute, eta, besteak beste, Paco Etxeberria forenseak salatu izan du Zabalza torturapean hil zela. Zabalzaren atxiloketatik 35 urte bete direnean, ordea, ez dago errudunik, eta ez du inork barkamenik eskatu.
Urteurrena dela eta, Zabalza omentzeko jarduera ugari egiten ari da Mikel Zabalza Herri Ekimena: irailean lore eskaintza egin zuten Zuloaga plazan, Non dago Mikel? dokumentala estreinatu zuten Zinemaldian eta Emakumea eta tortura mahai-ingurua egin dute aste honetan. Abenduan, urteurreneko egitasmo garrantzitsuena inauguratuko dute: Mikelen Txokoa. 1995etik Zabalzaren omenezko monolito bat eta plaka bat daude Altzako San Martzial plazan, eta Jose Ramon Zapirain Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak azaldu duenez, hor jarriko dute Mikelen Txokoa: “Prozesu parte hartzaile batean erabakitako esaldiak jarriko ditugu horma hauetan, modu iraunkorrean. Mikelen Txokoa torturatu guztientzako egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko gune bat izango da”.
Zapirainen arabera, Mikelen Txokoa egitasmoak ibilbide luzea egin du: “Duela bost urte sortu zen egitasmoa. Mikel Donostiako Tranbia Konpainiako gidaria zenez, udalari eskatu genion Mikelen memoriaren parte izateko. Mozio bat aurkeztu genuen, eta udalak onartu zuen Mikelen memoriaren alde lan egitea”. Zapirainek azaldu du udalak gaia alde batera utzi zuela, baina herri ekimenak ideia garatzen jarraitu zuela: “Urteurren guztietan, plaza honetan Mikelen omenezko marrazkiak eta esaldiak jartzen direnez, gunea hemen kokatzea erabaki genuen”. Horretarako, ordea, udalaren laguntza ezinbestekoa zen: “Duela bi urte eta erdi, udalaren aurrekontu parte-hartzaileetan proiektua aurkeztu genuen, eta onartua izan zen”.
Txokoa udaberrian gauzatzeko asmoa zuten, herritarrek han bertan marrazkiak eginez eta esaldiak idatziz. Ordea, pandemiak dena atzeratu du, eta beira-zuntzezko piezak jartzea erabaki dute azkenean: “‘Egia, justizia eta erreparazioa’ esaldia, Mikelen heriotzari buruzko gogoeta bat, Ion Arretxeren eta Idoia Aierberen –biak duela gutxi hildakoak– omenezko beste gogoeta bat eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Deklarazioaren bosgarren artikuluko esaldi bat, jarriko ditugu”. Zapirainek adierazi du piezak egiten ari direla, eta abenduan zehar inauguratuko dutela gunea: “Piezak bukatu bezain laster jarriko ditugu plazan, eta, ahal bada, abenduaren 19an inaugurazio ekitaldia egingo dugu”.
Idoia Aierbe ere omenduko dute
Mikelen Txokoa inauguratu baino lehen, Idoia Aierberen omenezko ibilaldi bat egingo dute: “Abenduaren 12an torturaren aurkako ibilaldia egingo dugu, Herreratik Bidebietara. Idoia Aierbe omenduko dugu ibilaldian, Mikelen kasua berea ere badelako; izan ere, torturek luze diraute, eta bizitza guztian pairatu zituen ondorioak”.