Natura, haurren heziketa indartzeko
Zurriola Ikastola baso eskola proiektua Haur Hezkuntzan txertatzeko lanean ari da. Duela bi urte hasi zuten lanketa. Momentuz, ikastola inguruko naturguneak identifikatu dituzte, eta 5 urtekoen gelan egin dituzte lehen probak. Leire Agirre Haur Hezkuntzako etapa buruak azaldu duenez, helburua da egindako lana sistematizatzea eta pedagogian egiturazko zerbait izatea.
Zurriola Ikastolak hainbat urte daramatza hausnarketa pedagogiko batean murgilduta. Besteak beste, etengabe ateratzen zen naturguneekin harremana eta Ekogunean martxan jarritako baso eskola proiektuak gai hori jorratzen zuen. «Lehendik harremana genuen Ekoguneko talde pedagogikoarekin, baina 2018-2019 ikasturte amaieran erabaki genuen gure ikastolan martxan jartzea», kontatu du Leire Agirrek, Haur Hezkuntzako etapa buruak.
Baso eskolak haurren eta naturaren arteko harremanaren garrantzia azpimarratzen du, harreman hori haurren hezkuntzaren parte bilakatuz. Kasu honetan, haur hezkuntzako mailetarako bideratutako proiektu bat da. «Honek guztiak oinarri zientifikoak dauzka, ikertuta dago, eta Ekoguneko taldeak, biologoak eta hezkuntzan adituak direnak, hainbat urtez ikertu eta praktikan jarri duen gaia da», adierazi du Agirrek. Hain zuzen, Ekoguneko taldeak gaiari buruzko formakuntza eman die, eta bidelagun izan dituzte euren proiektua definitu eta praktikara eraman bitartean. Lanketa horrek, gutxi gora behera, ikasturte eta zerbait gehiago iraun du, besteak beste pandemiagatik. «Guretzat luxu bat izan da horrelako talde batekin elkarlanean aritzea», nabarmendu du etapa buruak.
Kasu honetan, lehen pausoetako bat izan da ikustea «guk nola gauzatzen dugun gure inguruan» naturarekin harreman hori. Izan ere, hirian, Ategorrieta etorbidean eta biribilgunez inguratutako ikastola da, «eta naturgune bat ez dira hiru zuhaixka eta bi lore», gaineratu du Agirrek. Auzoarekin eta inguruarekin eraikitzen den harremanak garrantzia handia du Zurriola Ikastolarentzat, eta haurrentzat ere errazagoa da hara joatea. Horregatik, inguruko espazioak eta euren ezaugarriak aztertu ondoren, lau naturgune identifikatu dituzte: Uliako mintegiak, Uliako parkea, Ametzagaina parkea eta Zurriola hondartza.
Ondoren, proba pilotua martxan jarri dute, 5 urteko haurren taldeekin. «Azken batean, autonomia gehien dutenak dira», dio etapa buruak. Astean behin joan dira, batzuetan eguna pasatzera, eta besteetan goiz pasa. Koronabirusa dela eta, talde egonkor bakoitza edo burbuila bakoitza bere kabuz aritu da.
Jolas librea eta elkargunea
Baso eskola proiektuan, zati garrantzitsu bat da «naturaren ezagutza eta alfabetizazio berdea. Horretan Ekoguneko formakuntzak asko lagundu digu». Hala ere, bere ustez, baso eskola proiektuak ezinbesteko bi oinarri ditu, bete-betean Zurriola Ikastolako proposamen pedagogikoarekin bat datozenak: jolas librea edo autonomoa, eta elkargunea edo proposamen gidatua. «Jolasa haurraren hizkuntza da. Jolas librean edo autonomoan, umeak aukera dauka aukeratzeko zertara, zeinekin eta non jolastu nahi duen. Kasu honetan, helburua da haurrak denbora bat izan dezan natur espazio batean jolas dadin», adierazi du Agirrek. Baina horrek ez du esan nahi edozer gauza egin dezakeenik. «Hain zuzen, taldeak erreferente bat du, irakaslea, kasu honetan, eta irakasleak proposamen gidatua gidatzen du. Naturgunera goazenean, iristean eseri egiten dira, goiz pasa egingo dutela errepasatzen dugu, eta segurtasun arauak ere ezartzen dira. Eta talde moduan ere jarduerak egiten dira», dio etapa buruak.
Agirreren ustez, bi puntu horiek naturan lantzeak baditu bere abantailak. «Barne espazioa nahiko estatikoa da; ez dago aldaketa esanguratsurik eta soilik aldatzen da guk aldatzen badugu. Naturan aldaketa hori modu naturalean gertatzen da». Adibide bat jarri du: «Agian egun batean makil gehiago daude, eta makilak jasotzen hasten zara eta musika erritmoak egiten dituzu». Horregatik, hain zuzen, «jolasa askoz ere aberatsagoa da natur ingurunean. Zurriola ikastolaren proposamen metodologikoa aberastu egiten du», azaldu du. Gainera, naturan ibiltzeak «haurraren ongizate fisikoa, emozionala, eta psikologikoa ekarriko du, eta haurra naturan gustura ibiltzen bada eta seguru sentitzen bada, bere garapenean aurrera egingo du».
Hala ere, badute erronka handi bat: eguraldia. «Guk, hezitzaileok barneratu eta sinistu behar dugu eguraldia ez dela arazoa, ekipamendua baizik, betiere abisu laranja-edo ez badago, noski», azpimarratu du. Gaia familiekin ere jorratu zuten. Une honetan, euri apur bat egiten duten egunetan ere ateratzen dira.
Gainera, proiektuak harrera ona izan duela nabarmendu du. Izan ere, pasa den ikasturtean bertan ikastolaren komunitatera zabaldu zuten proiektua: «Familiak ikastolaren parte dira, eta garrantzitsua zen eurengana zabaltzea. Saio bat egin genuen Ekogunekoekin eta arrakasta izan zuen», kontatu du.
Une honetan, proba pilotuaren emaitzak aztertzen ari dira, datozen pausoak identifikatzeko, baina printzipioz, aurrera egingo dute 5 urtekoen gelakoekin ikasturte honetan. Antolaketaren arabera joango dira erabakitzen beste ikasturteetara zabaldu edo eza «Ikastola handi bat gara eta gauzak pixkanaka egin behar dira», plazaratu du Agirrek. Edozein kasutan, helburua da egindako lana sistematizatzea eta naturaguneekin harremana lantzeko proiektua 5 urtekoen gelaren pedagogian egiturazkoa izatea.