Aparkalekuetan terrazak jartzeko aukera emango du udalak
Pandemiak iraun bitartean, tabernek terrazak jarri ahal izango dituzte aparkalekuen lekuan. Donostiako Udaleko Alkatetzak hilaren 24an harturiko neurriak bat egiten du Europako zein Euskal Herriko beste hiri batzuek harturiko erabakiarekin. Horrela, ostalariek gehienez bi aparkaleku okupatu eta terraza jartzeko aukera izango dute. Indarrean jarriko da neurria taberna zein jatetxeek irekitzeko baimena dutenean.
Dena dela, hainbat baldintza zehaztu ditu udalak terrazak jarri ahal izateko. Aparkalekuak tabernatik gertu egon beharko dute, eta ezingo dira erabili zamalanetarako direnak, TAO komertziala dutenak eta desgaituenak. Era berean, ezingo dira erabili bidegorri bat baldin badago errepidearen eta espaloiaren artean, eta errei bakarreko errepideetan.