Gabonetako argiak 21:00etarako itzaltzea eskatu du Eguzkik
Eguzki Talde Ekologistak iritzi kritikoa plazaratu du gabonetako argien harira. “Eguberritako argiak energia xahuketa bat dira, udalek klima krisiaren inguruan egiten dituzten aldarrikapenekin inolaz ere bat ez datorrena”, adierazi dute. Donostiako udalari bi gauza eskatu dizkiote: “eguberritako argiak gehienez ere 21:00ak arte piztea –gaur gaurkoz denda guztiek 21:00etarako itxita egon behar dute eta– eta erabilitako energia, behintzat, iturri berriztagarrietatik datorrela bermatzea”.
Azken urtetan, udalen artean gabonetako argien txapelketa moduko bat eratu dela dio Eguzkik, “ea zeinek gastatzen duen gehien argietan”. Donostia ere bide beretik doala uste dute, “argi horiek dituzten ondorio ekonomiko zein anbientaletan erreparatu gabe”.
Argiak pizteko garaia aurreratzea egotzi diote udalari: “Abendua ez omen da nahikoa eta azaroa ere behar da. 45 egun eguberritako argiak piztuta. Zertarako Klima DSS2020 Ekintza Plana, baldin eta gero eguberritako argien bidez energia xahutzen bada, xahutzen den moduan? Zertarako itzali udaletxeko argiak ordubetez Planetaren Egunean, ez dakigu zer nolako konpromisoaren sinbolo gisa, baldin eta eguberritako argiak piztuta dauden egunak gero eta gehiago badira? Zertarako atzeratzen dugu erlojua ordubetez urrian, abenduan gehiago gastatzeko?”.