40 urte baino gehiagoko kartzela zigorra ezarri diote Infernuko sutearen krimenarengatik auzipetutako gizonari
Infernuko pabiloi bati su emateagatik auzipetutako gizonari 40 urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, EFE albiste agentziaren arabera; sutean pertsona bat hil zen eta hainbat zauritu izan ziren. Zigorra 40 urte baino gehiagokoa bada ere, epaiak dio gizonak 30 urte egingo dituela kartzelan, gehienez. Azaroaren 11n herri epaimahaiak aho batez onartu zuen gizona erruduna zela, eta kasua ixteko, epaiaren zain zeuden.
Sutea 2019ko martxoaren 1ean izan zen, 05:30ak aldera. Infernua auzuneko pabiloi bati su eman zion auzipetutako gizonak, barruan sei pertsona zeuden bitartean: horietako bostek kanpora ateratzea lortu zuten, baina goiko solairuan zegoen gizona kiskalita hil zen suhiltzaileak iritsi zirenerako. Horretaz gain, osasun zerbitzuek eraikinetik irtetea lortu zuten bi pertsona erietxera eraman behar izan zituzten: bata, kea arnasteagatik, eta bestea, lehen pisutik salto egitean zango bat puskatu zuelako. Ertzaintzak kasua ikertzeari ekin zion, eta gaur zigortu duten gizona atxilotu zuen 2019ko martxoan.
Akusazio partikularra gizonaren bikotekide ohia izan da, eta 70 urte baino gehiagoko espetxe zigorra eskatzen zuen. Izan ere, haren arabera, “mendekua” nahi zuen gizonak, bikotekide ohiaren bikote berria pabilioi horretan bizi baitzen —gau horretan han ez bazegoen ere—. Fiskaltzak 69 urteko zigorra eskatzen zuen, hainbat delitu egotzita: hilketa, sutea eta mehatxuak, besteak beste.
Infernuko azken berriak
Zigortutako gizonak erretako pabiloian jendea bizi zen moduan, auzuneko beste pabiloi batzuetan ere jendea bizi da, eta, hain justu, ‘Fabrika’ izeneko eraikina hustu zuen Ertzaintzak azaroaren hasieran. Eraikinaren jabearen aginduz, 60 pertsona inguru kaleratu zituzten –Etxerik Gabeko Pertsonen Batzordeak salatu zuen pertsona horiek babesik gabe gelditu zirela–, eta hainbat mobilizazio izan ziren egun horietan; eragile ugarik salatu zuten operazioaren atzean udalaren interesak zeudela, gune horretan hirigintza proiektu bat sustatu nahi duelako. Udalak, ordea, nabarmendu zuen kaleratze agindua ez zela udalarena, eraikinaren jabearena baizik.