Parkea Bizirik elkarteak '30 urte habia-kutxekin' erakusketa jarri du Egiako tunelean
Parkea Bizirik elkarteak 30 urte daramatza Donostian eta Donostiatik kanpo hegaztientzako habia-kutxak jartzen, eta ibilbide guztian zehar egindako argazkien erakusketa inauguratu dute Egiako tunelean. “Habia-kutxen barruan gure inguruko fauna basatiaren irudi argitaragabeak erakusten dira argazki handietan”, azaldu dute antolatzaileek. Erakusketa 2021eko urtarrilaren 2ra arte izango da ikusgai.
1990ean hasi ziren Egiako parkean habia-kutxak jartzen, eta beste hainbat gunetan jarri dituzte ordutik: Ametzagainan, Ulian, Larrañategin, Igeldon, Astigarragan, Oreretan, Oiartzunen eta Aiako Harrian, esaterako. Azken hiru hamarkadotan, 7.200 ikuskapen egin dituzte, eta mota askotako 2.371 hegazti atera dira euren habia-kutxetatik. Hegaztiez gain, hainbat ugaztun txikik ere habia-kutxak erabili dituztela nabarmendu dute. “Simulazio bat eginez, habia-kutxetatik atera diren 2.371 hegaztiak Donostiako Añorga auzoko bizilagunak adina lirateke. Zoragarria dela uste dugu, norbanako eta gizarte hobeago baten isla”, gaineratu dute.
Era berean, animalia horien garrantzia azpimarratu dute: “Egiten duten lana naturak funtzionatu dezan, eta ondorioz, gizakien gauzek ere funtzionatu dezaten ikaragarria da. Batzuek fruta arbolen bizkarroiak jaten dituzte, beste batzuek beroketa globala geldiarazten duten basoen osasuna zaintzen dute, eta badira karraskarien hazkundea oztopatzen dutenak ere. Beti ari dira jo eta ke lanean, zaintzan”.
Parkea Biziriken arabera, udaleko Ingurumen sailak 1.174 euro jarri ditu erakusketa gauzatu ahal izateko, eta nabarmendu dute diru guztia erakusketaren ekoizpen gastuetarako erabili dela. Era berean, eskerrak eman dizkiete erakusketaren alde egin duten pertsona eta erakunde guztiei: “COVID-19ak eragindako krisia dela eta, aurtengo urriaren 14ra arte ez zaigu jakinarazi erakusketa egin ahal izateko diru-laguntza txikirik jasoko genuen ala ez. Gainera, laguntzaren zenbatekoa %20 murriztu da. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu diru-laguntza bertan behera gelditu balitz erakusketa egin zedin ekarpen ekonomikoa egitea proposatu zuten pertsona guztiei”. Erakusketa bera eta 30 urte habia-kutxekin proiektua Joseba Gurutz de Vicente Parkea Bizirikeko kideak zuzendu ditu.