Zuhaizti kiroldegia BPXport enpresak kudeatuko du
Egia eta Gros auzoen artean dagoen Zuhaizti udal kiroldegia kudeatuko du BPXport enpresak 2035. urtera bitarte. Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi duenez, aipaturiko enpresak udalak deituriko lehiaketa gainditu du. Kirol instalazioak kudeatzeko proposamen bakarra aurkeztu zuten, eta kontratazio mahaiak ontzak eman du proposamena. Une honetan, enpresa bera da Zuhaizti behin-behinean kudeatzen ari dena.
Indarrean zegoen kontratua uztaila bukaeran bukatu zen, eta ordura arteko kudeatzaileak, Fortuna kirol elkarteak, kiroldegia uzteko borondatea erakutsi zuen diru galerengatik. Kontratu berriaren baldintzak jakin orduko, horiei ezingo ziela aurre egin adierazi zuen, eta azken hamabost urtetan bezero izangoak agurtu zituen. Izan ere, Fortunak 2005ean hartu zuen Zuhaiztiren ardura, ireki zenean.
Kontratu berria beste hamabost urterako adjudikatuko du udalak 15 milio eurorengatik. Eskakizunetako bat bi milioi euroko inbertsioak egitea zen –horietako bat lehen urtean, eta beste bat hurrengo hamalau urteetan zehar–, kiroldegiaren egoera hobetzeko BPXporten asmoa da milioi bat euro bideratzea sotoko fitness gela birkokatzeko, egungo azalera bikoiztu, eta ziklo indoor gela bat sortzea, egungo komunak eta biltokia dauden lekuan. Beheko solairuan fitness gela eraberrituko dute eta wellness eta haurrentzako ludoteka gune bat sortuko dituzte, eta goiko solairuko xake gunean fisioterapia gune bat prestatuko dute. Energia kontsumoa murrizteko inbertsioak ere proposatu dituzte.
Aurrerantzean, ikastaro eta jardueren eskaintzara joateko kirol txartela baino ez da beharko. Horrela, BPXportek urtean konpentsazio bat jasoko du Donostia Kirolaren eskutik kirol txartelaren jabeek egiten dituzten erabilerengatik: gehienez 670.000 euro izango dira urtean –BEZa gehituta– lehenengo urteetan.
Sarea handitzen
BPXport enpresak hiriko beste kirol instalazio batzuk ere kudeatzen ditu. Hala nola, Loiolako Erriberako kirolgune berritua eta Txuri Urdin izotz jauregia. Era berean, Donostiako hondartzen udako kudeaketa daramate, eta pasa den udan polemika sortu da horren inguruan. Bestalde, kirol instalazio gehiago kudeatzen dituzte Gipuzkoako beste herri batzuetan.