Artikutzako trenari buruzko 'Burnizko potoa' komikia argitaratu dute
Antton Kazabon idazleak, Jokin Mitxelena ilustratzaileak eta Anton Mendizabal dokumentalistak Burnizko potoa Artikutzako trenari buruz egindako komikia aurkeztu dute gaur goizean Donostian. Mendizabalek 2017an Artikutzako tren zaharrari buruzko liburu bat argitaratu zuen Oiartzungo Udalarekin elkarlanean, eta lan horren jarraipena da komikia. Oraingoan, ordea, Donostiako Udalarekin eta Donostia Kulturarekin elkarlanean egin dute komikia, Denonartean argitaletxearen bitartez. Hedabide honek Artikutzako trenari buruzko erreportaje bat argitaratu zuen irailean, Atzera Begira atalean, aipatu liburuko informazioan oinarrituta. Trena meatzaritza lanetarako erabiltzen zuten XX. mendearen hasieran, eta Artikutzako Elama izeneko gunetik Errenteriaraino joaten zen (30 bat kilometro), tartean hainbat plano inklinatu zituelarik; Mendizabalek azpimarratu du trena “oso bitxia” zela, eta esan du ez dela halako azpiegiturarik ezagutzen Iberiar penintsulan.
Hain justu, Mendizabalek nabarmendu du bere helburua “memoria transmititzea” dela, eta komikia horretarako “beste esperimentu bat” izan dela: “Liburuez gain, memoria modu pedagogikoan ere transmititu behar da, eta garrantzitsua da begietatik sartzea; horregatik komikia”. Era berean, azpimarratu duenez, nahiz eta komikia izan, ez da soilik haurrentzat, helduek ere irakur dezakete. “Izaten duen arrakastaren arabera, marrazki bizidunetako film bat ere egin dezakegu”, gaineratu du. Komikia salgai dago jada hainbat liburu dendatan, eta Durangoko Azoka birtualean ere eskuratu ahal izango da ostiraletik aurrera.
Mendizabalen dokumentazio lanean oinarrituta, Kazabonek idatzi du eleberri grafikoa, eta istorioaren nondik norakoak azaldu ditu: “Gizon bat zauritu egiten da Artikutzako baserri batean, eta amak semea medikuaren bila bidaltzen du Oiartzunera. Trenean egiten du joan-etorria, eta bidaian bizitakoak ditu hizpide komikiak, zauritutako gizonak lepoan duen burnizko potoaren misterioa tarteko”. Hizkuntzari dagokionez, euskara batua erabili du Kazabonek, modu kolokialean, baina Oiartzungo hizkera ere tartekatu du.
Biek ala biek, Mitxelenaren ilustrazio lana goraipatu dute, “60 orriko lan bikaina” egin duela adieraziz. Marrazkiak egiteko, trenaren, Artikutzako eta Oiartzungo argazki zaharrak izan ditu oinarri Mitxelenak. Berdabio baserri historikoari ere erreferentzia egin diote komikian, eta garrantzia berezia eman diote Planoburuko trenbidearen zati inklinatuari, gaur egun arrastoak mantentzen direlako eta arrasto horiek mantentzeko lanean dabilelako herritar talde bat. Horretaz gain, Artikutzako basoan dauden errota harri misteriotsuak ere agertzen dira komikian; inork ez daki zehazki zergatik dauden hor harri horiek.