Kattalin Miner eta Tessa Andonegi izango dira abenduko Bikografiak saioan
Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak abenduko egitaraua aurkeztu du, eta hainbat jarduera egingo dituzte, besteak beste, hilabeteroko Bikografiak saioa. Hain justu, hilaren 18an izango da abenduko saioa, eta Tessa Andonegi aktoreak eta Kattalin Miner idazle eta ekintzaile feministak hartuko dute parte. Maite Bidarte kazetariak gidatuko du saioa, eta Tobacco Days liburu dendan izango da; Bageraren Youtubeko kanalean ikusi ahal izango da 18:30etik aurrera, eta Hamaika Telebistan 22:00etan.
Bikografiak saioarekin itxiko dute abendua, baina beste bi jarduera egingo dituzte aurretik: Euskaraldia ondo bukatzeko, Internet bidezko Mintzodromoa egingo dute hilaren 5ean, eta ondoren, hilaren 17an, Dilili Parisen (Michel Ocelot, 2018) filma proiektatuko dute Bageraren Zineforumean. Antiguako Lugaritz Kultur Etxean izango da, 17:00etan.
Horretaz gain, Disney Plus Euskaraz egitasmoa iragarri dute. Martxoan abiatutako Disney Plus ikus-entzunezkoen plataforma euskaraz jartzeko eta Disney ekoiztetxearen piezak Euskal Herriko zinema aretoetan euskaraz proiektatzeko egitasmoa da, eta abenduan zehar horren aldeko sinadura ematera animatu dituzte herritarrak. Bestalde, Bagerak gogorarazi du azaroaren 14an San Telmo Museoan egin zuten Euskararen diskurtsoak. Zaharrak berri? jardunaldietako bideoak ikusgai daudela.