'Euskaldunok Planto' kanpaina sortu dute, euskaldunen kontrako egoerei aurre egiteko
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Twitter bidez “euskaldunon kontrako zapalkuntzak” salatzeko kanpaina abiarazi dute. Helburua da abenduaren 3an, gauerditik aurrera, norberak bere egunerokotasunean bizi dituen egoerak kontatzea sare sozial honetan txiokatuz eta #euskaldunokplanto traola erabiliz.
Askotariko egoerak izan daitezke: auzoko tabernetan menua euskaraz ez egotea; ikasgai bat euskaraz egiteko aukera ez izatea; euskaraz dakien hizlari batek gazteleraz hitzaldi bat eman ondoren, galdera euskaraz egin eta norbaitek “¡No entendemos!” esatea. Hain zuzen, adibide horiek eta beste batzuk lotura honetan jaso dituzte egitasmoa bultzatu dutenek. “Ezin dugu jarraitu gure hizkuntzan bizi nahi izateagatik jasaten ditugun mikro eta makro erasoak onartzen. Euskaldunak ahalduntzeko garaia da”, nabarmendu dute.