Eusko Jaurlaritzak abiatzeko baimen bat luzatzea ukatu dio erraustegiari
Zubietako erraustegia industria jarduerari dagokion baimen garrantzitsu bat gabe geratu da, Berria egunkariak argitaratu duenez. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak abuztuaren 19an eman zion erraustegiari abian jartzeko behin-behineko akta, ikuskatzean aurkitu zituen akats teknikoak azaroaren 15a baino lehen konpontzeko baldintzapean. Ordea, irailaren 1ean, erraustegiko transformadore nagusia erre egin zen, piztu zutenean. Gailua Alemanian konpontzen ari dira, eta azaroaren 15ean akatsak konpontzeko epea bukatu zenez, Ekondakin erraustegiaren enpresa kudeatzaileak abian jartzeko behin-behineko akta luzatzeko eskatu zion jaurlaritzako Industria sailari, baina honek ukatu egin du.
Bitartean, transformadore hondatua ordezkatzeko, hiru itsas edukiontzi jarri zituen erraustegiak, bina transformadore dituztenak. Guztira, ordea, hamabi kilovolt ampereko (Kva) ahalmena dute edukiontziek, jatorrizko transformadoreak 30 Kva-ko ahalmena duen bitartean; hau da, ahalmenaren erdia baino ez dute ordezkatu. Ordezko gailuen hileroko kostua 700.000 eurokoa da, Berria-ren arabera. Hala ere, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ziurtatu du kontzesionarioa ordaintzen ari dela kostu horiek.
Industria Sailak baimena luzatzea ukatu duenez, Gurasos elkarteak erraustegiaren jarduera gelditzeko eskatu dio aipatu sailari, eta jaurlaritzak horren inguruko erabakia datozen egunetan hartuko du. Arantxa Tapiaren komunikazio sailak Berria-ri esan dionez, sailak ez dauka gaiari buruzko informaziorik. Era berean, hedabideak azaldu du Industria Saileko txosten teknikoak arduradun politikoei ez zaizkiela helarazten, beraz, litekeena da oraindik modu ofizialean horren berririk ez izatea.
GHK-k Berria-ri duela bi aste esan zionaren arabera, errauste planta ohiko funtzionamenduan eta “energia balioztatzen” ari da, transformadorearen ordezko gailuekin. Gurasosek, ordea, gezurtatu egin du hori, transformadore nagusia gabe erraustegiak energia balioztatzeko ahalmenik ez duela argudiatuz; Red Electricak egindako txosten bat aipatu dute, non ziurtatzen den erraustegiak ez duela argindarrik sortu urriaren 28ra arte.
Aipatzekoa da irailaren 1ean gertatutakoa ez dela erraustegiko transformadorearekin izandako arazo bakarra. Hain zuzen, 2019ko ekainean, gailua konektatzeko lehen saiakera egin zuen Ekondakinek, eta transformadorean leherketa bat gertatu zen; lau hilabete igaro zituzten hura konpontzeko. Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren baimenik gabe piztu zuten transformadorea, beraz, zigor txosten bat zabaldu zioten enpresari. Instalazioa oraindik ez dago abian, eta GHK-k eta enpresak sinatutako kontratuaren arabera, 2019ko ekainaren 3an jarri behar zen martxan. Hala egin ezean, pasatutako egun bakoitzeko 60.000 euroko isuna ordaindu beharko lioke enpresak kontsortzioari. Era berean, urriaren 3tik aurrera, beste 20.000 euro gehiago ordaindu beharko zituen enpresak egunero, martxan jartzeko epea atzeratzeagatik. Gurasosen kalkuluen arabera, 40 milioi euro inguru zor dizkio jada Ekondakinek GHK-ri.
Baimenak gora eta behera
Industria Saileko baimenaz gain, ingurumen baimen bat ere behar dute halako instalazioek –obra bukatuta egon behar da baimena jasotzeko–, eta erraustegiak ekainaren 16an jaso zuen hori, Ingurumen sailburuorde Elena Morenoren eskutik. Ingurumen baimena jasota, Industria Sailekoa jaso zuen plantak. Gurasosek bien arteko kontraesana ikusi zuen, eta gora jotzeko helegitea jarri zuen, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak ebatz zezan. Tapiak, ordea, atzera bota du helegitea, ingurumen baimena eman zenean obrak amaituta zeudela ziurtatzen zuten teknikarien txostenak zeudela argudiatuta. Gurasosek EAEko Justizia Auzitegira eramango du eskaera hori datozen egunetan, erraustegiaren ingurumen baimen bateratua bertan behera uztea eskatzeko.
Horren harira, Industria Sailak beste zigor bat jarri dio Ekondakini aurten, agiriak faltsutzea leporatuta. Izan ere, ingurumen baimena lortu ahal izateko, instalazio elektrikoa amaituta zegoela jakinarazi zion Ekondakinek Industria Sailari. Ordea, sailak hutsuneak topatu zituen ikerketetan, eta zigor prozedura ireki zion.