Loiolako kuarteletako lursailean berdegune handi bat jartzea proposatu du Haritzaldek
EAJk eta Espainiako Gobernuak berriki Loiolako kuartelen inguruan egindako akordioaren aurrean, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak proposamen bat luzatu dio udalari: lursail horretan “Plaiaundi naturalago bat” sortzea, hau da, berdegune handi bat.
Haritzalderen arabera, Ametzagaina Lau haizetarekin lotuko litzateke, baita “korridore berdea sustatu” eta “Loiolako Erriberan eta Amaran galdutako padurak berreskuratu” ere. Era berean, naturzaleek nabarmendu dute Loiolako uholdeak ekiditeko neurri oso eraginkorra izango litzatekeela, baita EAEko Lurralde Antolaketa Gidalerroen ildo beretik doala ere: “Garai hauetan hain beharrezko ditugun berdeguneak balorean jartzeko aukera dugu, hezegune berri bat eratuz. Gainera, EAEko Lurralde Antolaketa Gidalerroekin (LAG-DOT) bat dator, ondorioz, Donostiako Udalak lehen interesatua izan beharko luke Plangintza tresna lotesle hori betetzen”.
Naturzaleen elkarteak salatu du gaur egun indarrean dagoen Donostiako Plan Orokorra “zaharkituta” dagoela –2010ekoa da–, eta azaldu du onartzeko fasean zegoenean aipatu proposamena aurkeztu zuela alegazioetan: “Orduan ez zen onartu. Are gehiago, horren harira Donostiako Ingurumen Kontseiluak antolaturiko bileran gure proposamena bromatzat hartu zuten. Gure eskaria berretsi eta gero erotuta geundela esan ziguten, aintzat hartu gabe”. Horretaz gain, Loiolako kuarteletako hirigintza proiektua kritikatu dute naturzaleek: Loiolako kuarteletan egin nahi duten hirigintza operazio gozo-oparoan, batzuei begiak dir-dir jarri zaizkie, txiribitaz beteak, dolarraren ikur bikoitzak aurpegia argitzen. Ez da oraindik ezer aprobatu eta honezkero etxeak salgai”.
Bestalde, naturzaleek salatu dute erakundeak Urumea ibaiaren inguruko lurra, “Gipuzkoako onenetarikoa”, porlanez betez “xahutzen” ari direla. “Erokeria gurea omen da, baina behar ez dugun metroa eta inoiz egin den obrarik garestiena eta hain azkarra izateko mantsoen doan Abiadura Handiko Trena bezalako proiektuak garapena omen dira, tajuzkoak”, gaineratu dute. Proiektu horien jasangarritasuna ere zalantzan jarri dute: “Azpiegitura horietatik etorri beharko dira elikagaiak, zeren, Donostia, udalerriak berak eta inguruko herriek kontsumitzen dituzten elikagaien %1 ekoizteko gai da soilik. Noizbait garraioa moztuko balitz, zer? Halabeharrez harria eta zementua jaten hasi beharko genuke”.
Era berean, agintarien koherentzia falta azpimarratu dute: “EAJ Gascoren PSE-EEk aurkeztu zuen metroaren egitas- moaren kontra agertu zen, besteak beste, Eusko Trenek baduelako zer hobetu eta non inbertitu honezkero abian duen trenbide sarean. Orain, hirian zuloak nonahi azaltzen ari direla, babestu ez ezik bultzatzen du. PSE-EE, Odon Elorza buru zuela, errauskailuaren kontra agertu ez ezik, aritu zen, Donostian ez zutela nahi adieraziz. Egun, defentzaile sutsuenak beraiek dira”.