Donostiako Udalak Mikel Zabalza omenduko du
35 urte bete dira Mikel Zabalza (1952-1985) Altzako bizilagun orbaizetarra Espainiako Guardia Zibilaren eskuetan desagertu eta hilik agertu zenetik, eta Donostiako Udalak omendu egingo du, hilaren 19an. Udalak azaldu duenez, udal talde politikoek Zabalza omentzea adostu dute Giza Eskubideen Batzordean, eta udal batzar aretoan egingo dute omenaldi ekitaldia, aipatu egunean. “Gertuko iraganaren oroimenaren inguruko politiken baitan kokatuko da hurrengo ekitaldia, baita hirian izandako giza eskubideen urraketen oroimenaren bidean ere. Aldi berean, Udalak bizitzaren eskubidearen urraketaren biktima izan diren udal langileei egin ohi dien errekonozimenduen parte izango da”, azaldu du udalak.
Izan ere, Zabalza Donostiako Tranbia Konpainiako autobus gidaria zen Espainiako Guardia Zibilak atxilotu zuenean, ETAko kidea zela leporatuta. Ion Arretxe idazlea, Idoia Aierbe (Zabalzaren bikotekidea), Manuel Bizkai (Zabalzaren lehengusua) eta Patxi eta Aitor (Zabalzaren anaiak) atzeman zituzten operazio berean. Zabalza Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten, eta handik hogei bat egunera hilik agertu zen Bidasoa ibaian, Endarlatsa (Nafarroa) inguruan, tortura zantzuekin. Bertsio ofizialaren arabera –gaur egun bertsio horrek indarrean jarraitzen du–, zona horretan ETAren arma zulo bat egiaztatzen ari zirenean, Zabalzak ihes egin zien guardia zibilei, zulo batetik ibaira erori zen eta itota hil zen. Harekin atxilotutakoek torturak salatu zituzten –Aierbek, esaterako, bizitza guztian pairatu zituen tortura haien ondorioak–, eta hainbat ikerketek bertsio ofiziala ezeztatu zuten. Kasua, ordea, artxibatuta dago 2010etik, eta ez da inoiz argitu gertatutakoa.
Udalbatzaren omenaldiaren egun berean, Mikel Zabalza Herri Ekimenak Mikelen Txokoa inauguratuko du Altzako San Martzial plazan, Zabalzaren eta torturatu guztien omenezko gune bat. Hedabide honek herri ekimeneko Jose Ramon Zapirainekin hitz egin zuen joan den astean, eta Mikelen Txokoaren nondik norakoak azaldu zituen erreportaje batean. Herri ekimenak azaldu duenez, Mikelen Txokoaren inaugurazioa hilaren 19an egingo dute, Zabalzaren familia udalaren omenalditik heltzean.