Donostiatruk azoka Antiguan egingo dute asteburuan
Donostiatruk bigarren eskuko objektuen azokak auzo batetik bestera mugitzen jarraitzen du, eta asteburu honetan Antiguan izango da. Larunbatean, hilaren 5ean, izango da, Julio Caro Baroja plazan, 10:00etatik 14:00etara.
Amarako Easo plazan egin ohi da Donostiatruk azoka, baina Donostiako Udala auzoz auzo eramaten ari da, eta lehen aldiz izango da Antiguan. Azken asteotan, Altzan, Grosen eta Intxaurrondon ere egin dute azoka.
Betiko moduan, bigarren eskuko arropa, jostailuak, liburuak, eta bestelako objektuak erosi ahal izango dira postuetan. Hala ere, COVID-19a dela eta, segurtasun neurri batzuk errespetatu beharko dira. Besteak beste, postu gutxiago izango dira eta ezingo da arropa probatu ezta objektuak erosi aurretik ukitu ere. Bestalde, erositako objektuak bigarren eskukoak izango direnez, desinfektatu egin edo berrogeialdian utzi beharko dira.