Haizea eta olatu handiak espero dira datozen egunetarako
Negua iristen ari da, eta urtaro hotzarekin batera, haizea eta olatuak. Hain zuzen, Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Babes Zibilak abisu horia ezarriko du haize bolada indartsuengatik eta abisu laranja olatu handiengatik.
Haizearen abisu horia gaur, hilaren 3an, ezarriko dute, 18:00etatik gaueko hamabietara. Olatuen abisu laranja, aldiz, gaueko hamabietan jarriko dute indarrean, eta larunbat gaueko hamabietara arte iraungo du.
Hori dela eta, udalak Pasealeku Berria (oinezkoentzat eta ibilgailuentzat), Zurriolako Leizaola pasealekua eta Haizearen Orrazia itxiko ditu, abisuak pasa arte.