Parte Zaharreko merkatariek laguntza zuzenak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari
Parte Zaharreko merkataritza establezimenduak ez dira egoera ona pasatzen ari, eta horregatik, elkartu egin dira, Eusko Jaurlaritzari diru-laguntza zuzen eta eraginkorrak eskatzeko. Parte Zaharreko jarduera gehienak turismora bideratu izanak orain kalte asko egiten diela salatu dute: “Egoera hau guztiontzako da zaila, baina Parte Zaharrean bereziki gaizki gaude, gure egoera oso larria da. Azken urteotan auzoa ostalaritzara eta turismora bideratu dute, eta ondorioz, biztanle kopurua beste auzo batzuetan baino txikiagoa da, proportzioan. Ostalaritza itxita dagoenez eta turistak ezin direnez etorri, gu hiltzen ari gara”, adierazi du Miren Olanok, Fiori saltokiko arduradunak.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren aurka azaroan hartutako neurrien ondorioz –besteak beste, ostalaritza establezimenduak ixtea–, Parte Zaharreko kaleak hutsik daudela salatu du Olanok: “Ez dator inor Parte Zaharrera. Lokalak ixten ari dira eta kaleak hutsik daude, oso tristea da auzoa horrela ikustea. Konfinatuta egongo bagina bezala da, baina gastu finko guztiak ditugu”. Bestalde, Traffic saltokiko Patricia Berdealek esan du ez duela ulertzen zergatik ez diren joaten donostiarrak Parte Zaharrera: “Hau ez da ghetto bat, ez dizkiegu ateak itxi donostiarrei; guk hiriko beste auzoetan kontsumitzen dugu, eta ez dut ulertzen donostiarrek zergatik ez duten hemen kontsumitzen”. Ildo beretik, herritarrak auzoan erostera animatu ditu Olanok: “Kaleak hutsik ikusi nahi ez baditugu, auzoko saltokiekin kontsumitu behar dugu, beraz, donostiar guztiak Parte Zaharrean erostera animatu nahi ditut”.
Gauzak horrela, “izututa eta triste” daudela azaldu dute, eta egoerari aurre egin ahal izateko laguntza behar dutela nabarmendu dute: “Abenduaren 11n bilera daukagu Eusko Jaurlaritzarekin, ea laguntzaren bat eskaintzen diguten. Izan ere, egunerokoari aurre egiteko laguntza bat behar dugu, ez soilik epe luzerako laguntza fiskala”. Hain justu, jaurlaritzak orain arte eskaini dituen laguntzak oso eskasak direla salatu du Olanok: “Badaude laguntza batzuk, baina ez dira egokiak. Esaterako, diru-laguntza jakin bat jasotzeko, salmentetan %25eko jaitsiera izan behar duzu, baina horrekin ez duzu alokairua ere ordaintzen. Egunerokoari aurre egiteko laguntzak behar ditugu”.