Xabier Lete omenduko dute asteburuan Kursaalean
Ostiralean hamar urte beteko dira Xabier Lete (1944-2010) poeta oiartzuarra zendu zenetik, eta Kursaalean haren omenezko kontzertua izango da, larunbatean. Joxan Goikoetxea konposatzaileak idatzitako Hesia urraturik: Xabier Lete in memoriam oratorio sinfoniko-korala interpretatuko dute; Leteren testu eta melodia bilduma berreraikitzen duen alegoria, alegia.
Landarbaso abesbatzak, Kaabestri Ensemble orkestrak, Miren Urbieta-Vega sopranoak, Beñat Egiarte tenorrak eta Anne Barron haur bakarlariak interpretatuko dute Goikoetxearen obra, Juanjo Oconen eta Landabaso abesbatzako Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean. Horretaz gain, Eñaut Elorrieta eta Maite Larburu abeslariek irekiko dute kontzertua. Bi emanaldi izango dira, 16:00etan eta 19:15ean, eta bietako sarrerak Kursaalaren webgunean eros daitezke, hogei euroren truk.