Duela 500 urteko euskarazko eskuizkribua, Koldo Mitxelenan ikusgai
Poema forma du, eta 1508 eta 1521 artean idatzi zen. Eskuizkribua Oñatin aurkitu zuen Rosa Aierbe doktoreak, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan.
Ezagutzen den euskarazko lehenengo testu lirikoa izan daitekeena aurkitu dutela iragarri dute aste honetan, eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean dago ikusgai. Rosa Aierbe doktoreak aurkitu zuen eskuizkribua, Oñatin, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan, ikerketa bat egiten ari zenean. Artxibategiko arduradunei aurkikuntzaren berri eman zien, eta zentroko lantalde guztia agiriaren prestaketan eta azterketan murgildu zen, Ramon Martin zuzendariaren gidaritzapean. Iago Irijoa historialariak ere parte hartu zuen prozesuan, berak egin baitzuen testuaren lehenengo traskripzioa.
Miguel Ibañez Insausti eskribauaren protokolo batean aurkitu dute euskarazko testua, eta poema forma du. 1503 eta 1522 bitarteko notario eskrituretan dago idatzita, eta ikerlariek uste dute testuaren egilea Insaustirenean lan egin zuen eskribautzarako ikasle bat izan daitekeela. Bestalde, 1508 eta 1521 artean idatzi zela ondorioztatu dute ikerlariek. Hala ere, orain arteko interpretazio guztiak behin-behinekoak dira. Idazketa proba moduko bat da testua, eta euskarazko hitzak gaztelaniazko testu baten zirrikituen artean daude idatzita, baita orrialdearen ertzetan eta hitzen artean ere. Bitxikeria gisa, agiri hori Gipuzkoako Artxiboen Atarian digitalizatuta eta kontsultagarri izan da urte luzez, baina orain arte ez da inork ikusi euskarazko hitzak zeudela.
Ikerlariek euren interpretazioak egiaztatzen badituzte, gordetzen diren euskarazko poemarik zaharrenak izan daitezke, eskuizkribuaren interpretazioa egin duen Ander Ros filologoaren arabera. Agiria Koldo Mitxelenako ikasgelan egongo da ikusgai herritar ororentzat, datozen bi asteetan zehar.
Ikertzaileek testuaren honako interpretazioa egin dute, behin-behinean:
Ene laztan gozo ederra
penaz penaçen naçu.
-Orreyn culez ninduçula
Nola amora nençaçun
ori escuan ezpata?
Çeure escuoz naraçu
andicoz eta ebeticoz
– Barcaçio diqueçut ezcutaria,
usatu eztet arma guiza erayten
lecobidi guiçon gaztea
Amore minez penaçen
olloa lumaz estari
ni amorez yçerdi
ene barco negarretan
Çaldiac [ag]ueri leyara.
– Niri [j]uan çatan neure amorea,
leena [on]ezquero,
oy [d]aducat neure vioçean barruna.
[Egun] bat/ean ni/joeala
II
Goyçean goyçic jagui ninçan, astean egun batean, astean egun batean, da asteleen goyçean neure laztan velagay au[si] çequidan arrean neurc nay eneban vian, çeonçan aldean colpe andiac jo nenguian, vioçonen erdian.
Elizara vanijoean, colpea[u] ar neçanean Velaurico jarri ninçan, alderean aurrean neure vecatuaz confesatu, eguin [n]eba[n] bequela penetençia eman çidan, vide nevan bequela.
Vitarteco em[en] ni[a]gon