Tabernetako jendea
Egian egon diren taberna ugarien artean bat gehiago izan zen Euskalduna taberna. Bere historia du, baina, batez ere, bere jendea ere izan du, taberna guztiek bezalaxe. Taberna guztiak itxita eta auzoko kaleak tristeago dauden honetan berreskuratu nahi izan dugu Euskalduna tabernaren irudi hau.
Tabernak beti izan dira elkartzeko tokiak. COVID-19aren pandemia hasi zenetik, ordea, elkartzea bera konplikatua da, eta tabernak, oro har, kinka larrian daude. Orain, dekretuz itxi dituztenean, lanean edo ikasten ari ez denean elkartzeko aukera dugun aldi apurretarako leku berrien bila atera da jendea kalera.
«Egia, donde reina la alegría» esan ohi da, Egia, poza nagusi den tokia, jaia eta giro alaia ez baita falta izaten. Orain, auzoko kaleak betetzen dituzten tabernen pertsianak itxita, ordea, triste dirudite kaleek. Festa osteko egunetan bezala ia, baina bezperako jaiaren oroitzapen gozorik gabe.
Paisaiaren parte garrantzitsu dira tabernak, eguneroko ohituren parte diren bezainbeste, bakoitza bere historiarekin, bere tradizioarekin, bere jendearekin. Gordegia Egiako artxibategi grafikoan jasota dagoen argazkietako bat da goikoa. Bertan, Bidasoa ibaia kalean zegoen Euskalduna tabernako jendea ageri da, 1961ean, Telesforo Larrazabal apaiz karmeldarraren bueltan.
Euskalduna tabernan egindako argazkiak utzi eta hari buruzko informazioa eman digu Isabel del Riok. Haren aitonaren anaia zen Telesforo, eta Isabel bera bataiatzera etorri zen Panamatik. Argazkian ageri dira, ezkerrean Rosario Larrazabal, apaizaren alde banatan Matute anaiak eta eskuinean Maria Larrazabal. Barran edari bat zerbitzatzen ageri dena Jesus Arce da, Maria Larrazabalen gizona eta tabernaren jabea.
Isabel del Riok gogoratzen duenez, barra osteko odolkiak eta txorizoak bertan prestatzen zituzten, txarriboda egiten baitzuten. Menuan zer zegoen jakiteko lapikoen tapak altxatzen zituzten bezeroek, eta askotan kuadrillek ekarritako ehizakiak ere kozinatzen zituzten bertan. Batez ere auzokoa zen biltzen zen jendea, baita Donosti Gainekoak eta Loiolako kuarteleko soldaduak ere.
Beste garai bateko argazkia da, ez denboraren joanagatik bakarrik, azken hilabeteetako gertakariek ekarritako aldaketek ere urrun kokatzen dute unea. Badira urteak Euskalduna taberna betiko itxi zutenetik, baina egun hauetan pertsiana jaitsita mantendu behar dutenek berriro zabalduko dutenean tabernetan elkartuko da berriz bertako jendea.