Donostia Kirolaren zerbitzuekin zerikusia duten izapide guztiak Internet bidez egin daitezke dagoeneko
Donostia Kirolak bukatu du bere izapide eta zerbitzu guztiak digitalizatzeko proiektuaren lehenengo fasea, eta, dagoeneko, eskaintzen dituen kirol zerbitzuekin zerikusia duten izapide guztiak modu telematikoan egin daitezke. Hain justu, honako izapideak eta zerbitzuak proiektuaren lehenengo fasearen baitan digitalizatu dituzte: Internet bidezko erreserbako eta pistak alokatzeko izapideak, Kirol Txarteleko abonatuaren alta, ikastaroetan izena ematea, diru-laguntzak eskatu eta tramitatzea, beste eskaera batzuk erregistroan aurkeztea, instalazioetara sartzeko gailuak berriki aldatu izana eta instalazioetan sartzeko, txartelaren ordez, mugikorra erabiltzeko aukera. Izapideez gain, Donostia Kirolak gimnasioen eta igerilekuen edukieraren unean-uneko kudeaketa eta informazioa eta instalazioen bisita birtualak ere digitalizazio prozesuan sartu ditu.
Horretarako, Donostia Kirolak webgunea berritu du eta gailu mugikorretara egokitu du, erabiltzaileen %65 halako gailuetatik sartzen baita webgunera. Gainera, azken urteotan nabarmen igo da Donostia Kirolaren izapideen digitalizazioa: 2016an Internet bidez izapideen %29 egiten zen bitartean, 2019an %59 egin ziren. Esaterako, kirol espazioen erreserba eta alokairuen %90 modu telematikoan egin ziren, diru-laguntzen %88 hala kudeatu ziren, ikastaroetako izapideen %52 Internet bidez egin zen eta Kirol Txartelaren alta berrien %15 ere modu horretan egin ziren.
Digitalizazio proiektuaren lehenengo fasea amaituta, bigarren fasea garatzen ari dira Donostia Kirolako arduradunak, bazkideekiko funtzionalitatea hobetzeko. Horretaz gain, igeriketa maila kontsultatzeko eta edozein modalitatetako diplomak deskargatzeko aukera ere emango dute, instalazio guztietan bisita birtualak txertatuko dituzte, Internet bidezko ikastaroak eskaintzeko sistema bat ezarriko dute epe laburrera, entrenamendu pertsonaleko planak kudeatzeko eta horien jarraipena egiteko aplikazio bat garatuko dute eta sarraila adimentsuak dituzten takilak instalatzeko proiektua garatzen jarraituko dute.