Egiako hamabi maizter kaleratuak izateko arriskuan daudela salatu du Donostiako Maizterren Sindikatuak
Donostiako Maizterren Sindikatuak jakinarazi duenez, Egia kaleko 22. zenbakiko hamabi maizterrek gatazka bat dute Sareb-ekin, Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearekin. Hain justu, sindikatuak salatu du Sareb-ek eta bere kudeatzaile nagusia den Haya Reale Estatek –Cerberus Capital Management putre funtsaren parte denak–, ez dituztela bizilagunen alokairu kontratuak berritu nahi, eta beraz, kontratu horiek amaitzean, maizterrak kaleratuak izan daitezkeela: “Kudeatzaileak ez du elkarrizketarik egin nahi izan negozioazioa irekitzeko, eta une honetan, 82 urteko emakume bat egoera araugabean dago: alokairua ordaintzen ari da kontratua amaitu arren, eta ez daki noiz jasoko duen gutuna etxetik botatzeko datarekin”. Egoera hori salatzeko eta horren aurka antolatzeko, sindikatuak eta Egia Bizirik auzo elkarteak informazio batzordea egingo dute larunbatean, hilaren 12an, Plaza Haundin, 12:00etan, eta herritar guztiak parte hartzera deitu dituzte.
Maizterren sindikatuak nabarmendu du Sareb Espainiako Estatuak eta Europako Kontseiluak 2012an sortutako erakundea dela, banku kontabilitatean gainbalioetsitako ondasunak, “aktibo toxikoak”, erosteko eta “finantza sistema salbatzeko” helburuarekin: “2008ko burbuila lehertu eta prezioak jaitsi zirenean, ikusi zen bankuek aktibo toxiko horiek beren merkatuko benetako balioagatik kontabilizatzen bazituzten porrotean deklaratuko zirela, eta erortzean, Espainiako ekonomia guztia haiekin eramango zutela, baita Europako bankuak arriskuan jarri ere”. Sareb sortzeko, 4.800 milioi euroko inbertsioa egin zen, %45 diru publikoa izan zelarik, berez helburu publiko bat baitu, baina, sindikatuaren arabera, “komisio handiak kobratzen dituzten eta zerbitzu hori emateagatik dirua irabazten duten erakunde pribatuek kudeatzen dute”. Horretaz gain, sindikatuak azaldu du Europako Kontseiluak 50.000 milioi euroko mailegua eman ziola Sarebi, eta diru hori Espainaiko Estatuak itzuli behar duela, nahiz eta erositako aktibo toxiko horietatik ateratatako dirua kopuru horretara ez iritsi.
Bestalde, Donostiako Maizterren Sindikatuak salatu du Haya Reale Estate enpresa kudeatzaileak “milioi askoko komisioak” kobratzen dituela Sareb-en etxebizitzak kudeatzeagatik, eta sindikatuaren arabera, etxebizitzak “saldo prezioan” saltzen dizkiete “inbertsoreei eta putre funtsei”. Hain justu, etxebizitza horien artean daude Egia kaleko 22. zenbakiko lau etxebizitza –hamabi bizilagun guztira–, maizterrik gabeko beste bi etxebizitza eta 300 metro karratuko merkataritza lokal bat.
Horregatik, maizterrek eta Egia Bizirikek larunbatean Sareb-i eskatuko diote alokairu kontratuak baldintza beretan berritzeko, eta udalari eskatuko diote Sarebekin hitz egiteko, eraikin horretan hutsik dauden bi etxebizitzak eta lokala udalaren jabetzakoa izatera pasatzeko, “etxebizitzak alokairu sozialeko parkean sartzeko eta lokala kudeaketa komunitarioko ekipamendu publikoa izateko. Horrenbestez, funts publikoekin erreskatatu diren etxebizitzak herri beharren zerbitzura jartzea exijitzen dugu, etxebizitzak eta hiriak merkantilizatzeari uzteko lehenengo urrats gisa”.