Mariaren Bihotzaren eraikinari hirugarren sektoreko erabilera emateko prozesua abiatu dute
Saguesko Mariaren Bihotzaren eraikinari hirugarren sektoreko erabilera eman nahi diote jabeek –klaretarrek–, eta horretarako eskaera aurkeztu dute Donostiako Udaleko Hirigintza sailean. Udalaren arabera, Bi Berri Donosti S.L. enpresak aurkeztu du eraikina birkalifikatzeko plan berezia, hala eskatu baitzitzaion. Orain, udalak plan hori aztertu beharko du, eraikinari hirugarren sektoreko erabilera ematea onartzeko. Claret ikastola iazko ekainean itxi zuten, eta parrokiak aurtengo abuztuan itxi zituen ateak; EH Bilduk udan salatu zuen hor hotel bat egiteko izapideak oso aurreratuta zeudela. Hotel bat eginez gero, ez litzateke izango turismora bideratutako gune batean bihurtzen den lehenengo zentro erlijiosoa Donostian; hedabide honek azkenaldiko kasu esanguratsuenak aztertu zituen abuztuan.
Bi Berri Donosti enpresak aurkeztutako proiektuak teilatupean 330 metro karratuko beste solairu bat eraikitzeko asmoa jasotzen du, eta, horretarako, elizarekin bat egiten ez duen teilatupeko zatia egokituko lukete, Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratutako informazioaren arabera. Eraikinak B mailako babesa du Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB), eta, beraz, enpresak proiektuan zehaztu du eraikuntza bera mantendu egingo dutela, baita elizaren zatia eta barruko elementu guztiak bere horretan mantendu ere.
Ramon Cortazar arkitektoak 1926an diseinatutako eraikinak 1.500 metro karratuko azalera du, eta altuera aintzat hartuta, 5.000 metro karratuko espazioa du. Proiektuan, aipatu solairuaz gain, 70 aparkaleku egitea aurreikusten da; EHOBPB-ak ez du baimentzen elizaren azpian egitea, beraz, ez da aurreikusten lur azpian beste solairurik eraikitzea, lursailaren ondoan egitea baizik. Era berean, bizikletentzako 50 aparkaleku ere aurreikusten ditu proiektuak.