Ostiraletik igandera 130 koronabirus kasu atzeman dituzte Donostian
Hiriko intzidentzia metatua 508,66koa da, beraz, ondo bidean, Donostiak gaur utziko dio gune gorri izateari. Loiola eta Parte Zaharra dagoeneko 100.000 biztanleko 500 kasuen azpitik daude.
Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren inguruko asteburuko datuak argitaratu berri ditu. Guztira, 130 koronabirus kasu zenbatu zituzten ostiretik igandera, 51 ostiralean, 40 larunbatean, eta 39 igandean. Hiriko intzidentzia metatua 508, 66koa da. Ostegunean, berriz, 543,9koa zen eta asteazkenean, 577,48koa zen. Horrek esan nahi du kutsatze abiadura geroz eta txikiagoa dela hirian, eta ondo bidean, gaur Donostiak gune gorri izateari utz diezaiokela, datuak bihar arte emango ez badituzte ere.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona berri gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, zifra hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Une honetan, soilik bi osasun eremuk jarraitzen dute 100.000 biztanleko 500 kasuen langatik gora: Gros eta Ondarreta. Langa horren azpitik daude Loiola eta Parte Zaharra asteburuaz geroztik. Jarraian, bakoitzeko intzidentzia metatua ikus daiteke:
- Ondarreta: 550,11
- Gros: 516,74
- Intxaurrondo: 486,07
- Loiola: 477,06
- Parte Zaharra: 471,05
- Amara Berri: 469,34
- Amara-Erdialdea: 440,34
- Egia: 388,22
- Bidebieta: 386,69
- Altza-Roteta: 381,41
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko zifrak:
- Amara Berri: 10
- Gros: 11
- Ondarreta: 8
- Parte Zaharra: 3
- Altza-Roteta: 2
- Amara-Erdialdea: 2
- Loiola: 2
- Bidebieta: 1
- Intxaurrondo: 1
- Egia: 0