Idoia Aierbe omentzeko ibilaldia antolatu du Mikel Zabalza Herri Ekimenak astebururako
Mikel Zabalzaren heriotzaren 35. urteurrenaren harira antolatzen ari diren jardueren barruan, Mikel Zabalza Herri Ekimenak Oroimenaren martxa antolatu du astebururako. Ibilaldia Herrerako topoaren geltokitik abiatuko da larunbatean, hilaren 12an, 12:00etan, eta Bidebietaraino joango da, Idoia Aierbe Bidebietako bizilaguna gogoratzeko. Izan ere, Zabalzaren bikotekidea zen Aierbe, eta elkarrekin atxilotu zituen Espainiako Guardia Zibilak, 1985eko azaroaren 26an; Aierbek torturak salatu zituen, eta Zabalza hilik agertu zen handik hogei bat egunera, tortura zantzuekin. Aierbek bizi guztian pairatu zituen torturen ondorioak, eta 2018an zendu zen.
Horregatik, ibilaldiaren bidez, Aierberi gertatutakoa gogoan izango dute parte-hartzaileek. Horretaz gain, datorren larunbatean, hilaren 19an, Mikelen Txokoa inauguratuko du herri ekimenak Altzako San Martzial plazan –Zabalza orbaizetarra zen, baina Altzan bizi zen eta Donostiako Tranbia Konpainiako langilea zen–. Zabalzaren eta torturatu guztien omenezko gunea izango da Mikelen Txokoa. Era berean, Donostiako Udalak Zabalza omenduko du egun berean, udal batzar aretoan.