Donostiako ostalaritza larunbatean irekiko da intzidentzia metatua 500etik beherakoa bada
LABIko Aholku Batzordeak datozen egunetarako eta Gabonetarako neurriak adostu ditu. Datorren larunbatean, hilaren 12an, indarrean jarriko diren neurrien edukia zehaztu du batzordeak. Neurri hauen azterketa urtarrilaren 11n egingo da.
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du pandemiaren bilakaerak hobera egin duela, baina Euskadi “osasun larrialdian jarraitzen” duela. “Ospitaleko presioak ez du erlaxaziorik onartzen”, gaineratu du. Ildo horretan, lehendakariak erne egoteko deia egin du, batez ere familia eta gizarte harremanak areagotzen diren Gabonetan.
Neurrietako batek ostalaritzari eragiten dio, baldintza batekin. 500etik beherako intzidentzia maila duten udalerrietan ireki ahal izango dira tabernak eta jatetxeak. Donostia aste honetan jaitsi da 500eko intzidentzia metatutik, eta gune horri izateari utzi dio. Ostiralean jakingo da zenbatekoa den hiriko intzidentzia maila, eta baldintza betetzen bada ostalaritza ireki ahal izango da.
Hamar dira LABI batzordeak harturiko neurriak:
- Mugimendu mugak gaueko 22:00etatik goizeko 06:00etara mantenduko dira. Salbuespena aplikatuko da abenduaren 24tik 25era eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarteko gauetan. Bi egun horietan hasiera ordua gaueko 01:30era arte atzeratuko da.
- Euskadiko konfinamendu perimetrala mantentzea. Konfinamendu hori abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean kenduko da.
- Udal konfinamendua kentzen da eta lurralde historikoaren barruan mantendu. Lurralde historiko bakoitzeko konfinamenduak abenduaren 23ra arte iraungo du.
- Gehienez ere sei pertsona elkartzeko neurria mantentzen da. Gehienez ere sei pertsona elkartzeko neurria mantentzen da. Abenduaren 24, 25 eta 31ko eta urtarrilaren 1eko ospakizunetarako salbuespena aplikatuko da. Topaketa horietan gehienez hamar pertsona elkartu beharko dira. Iradokitzen da, batetik hamar pertsona horiek bi bizikidetza-unitatekoak izatea eta, bestetik, berdinak izatea ospakizun ezberdinetan.
- Jai eta gabon ekitaldiak bertan behera uztea. Abenduaren 21etik aurrera, pertsona pilaketak eragiten dituzten ekitaldiak debekatuko dira. Adibidez Gabon gaueko edo Errege bezperako kantu-taldeak; kanpaikadak direla-eta kalean egiten diren jaiak; Santo Tomas jaiak; “San Silvestre” kirol-probak; edo kale kabalgatak.
- Ostalaritza eta jatetxe jarduerak baimentzea. Dekretuan 100.000 biztanleko 500eko intzidentzia-tasa baino gutxiago duten udalerrietan baimenduko da jarduera. Establezimenduek terrazak ireki ahal izango dituzte eta barneko zerbitzua % 50era mugatuko da. Erabiltzaileek mahai baten inguruan eserita kontsumitu beharko dute. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. 500etik gorako intzidentzia-tasa duten herrietan ostalaritza eta jatetxeak ezingo dira ireki, tasa horretatik behera egon arte. Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez, astelehen eta ostegunetan 100.000 biztanleko 500 baino gehiagoko intzidentzia-tasa duten udalerrien zerrenda zabalduko da.
- Ostalaritzaren irekiera goizeko 06:00etatik gaueko 20:00etara mantenduko da. Zerbitzuguneak salbuetsita daude. Iradokitzen da ez erretzea establezimendu horietako terrazetan. Maskara etengabe erabiltzea derrigorrezkoa da, elikagaiak edo edariak hartzen direnean izan ezik. Maskara behar bezala ez erabiltzea zigortzeko moduko jokabidea da.
- 6 pertsonako taldeetan kirol federatuko entrenamenduak baimentzen dira. Horrekin batera, gehienez % 30eko okupazioa duten aldagelak erabili ahal izango dira; eta, baita ere dutxak, betiere banaka.
- Kirol-jardueraren beste murrizketak mantentzen dira. Gabonetako oporraldiaren ondoren murrizketak hauek malgutzeko aukera aztertuko da, betiere pandemiaren bilakaeraren arabera.
- Gabonetako jaietan adinekoen egoitzetara bisitak egiteko araudi berezi bat onartu da.