Ostalariek manifestaziora deitu dute larunbaterako, erakundeei erreskate plan bat eskatzeko
Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarioen Elkarteak taldeak deituta, ostalariek goiz osoa pasa dute Gipuzkoa plazako aldundiaren egoitzaren aurrean elkarretaratuta, erakundeei “erreskate plan bat” eskatzeko. Goizean goizetik protesta egin ostean, manifestu bat irakurri dute eguerdian, eta orain arte erakundeek arduragabekeriaz jokatu dutela salatu dute. Horregatik, manifestaziora deitu du larunbaterako SOS Ostalaritza taldeak, hilaren 12rako. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak, 17:30ean; Donostiakoa Bulebarretik aterako da.
LABI Babes Zibileko Erreskate Planaren aholku kontseilua gaur goizean bildu da, datozen egunetan ostalaritza irekiko duten edo ez erabakitzeko, eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia da LABIko Gipuzkoako ordezkaria, horregatik egin dute protesta aldundiaren aurrean: “Olano jauna, zure botoaren gaur erabakiko duzu zer gertatuko den Gabonetan ostalaritzarekin, baina ez ezazue irekitzeko aukera eman ziurtasunik gabe; esaterako, soilik terrazetan kontsumitzea baimenduta, urteko hilabeterik desatseginetan. Kaltetuta gaude, baina ez saiatu gure duintasunari aurre egiten”, esan dute. Aldundia kritikatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak orain arte izandako jarrera ere salatu dute: “Bederatzi hilabete hauetan ez dira laguntzeko gai izan, nahiz eta sektore kaltetuenetako bat izan garen, gaitz guztien errua bota baitigute; zeren zain zaudete Urkullu eta Olano jaunak?”. “Politika egitea arazoak konpontzea da, eta orain arte ez dute ezer egin. Ez badakizue nola egin kopiatu Alemaniako edo Frantziako eredua, baina pilak jarri, Olano eta Urkullu”, gaineratu dute.
Erakundeek orain arte iragarritako diru-laguntzak eskasak direla azpimarratu dute: “Laguntza hauek ez zaizkie kaltetuei iritsi. Oraingoz oso gutxi dira laguntzaren bat jaso dutenak. Gainera, zerga guztiak ordainduta izatera baldintzatutako laguntzak dira, eta badakigu diru sarrerarik gabe zerga guztiak ordaintzea ezinezkoa dela. Hau guztia gutxi balitz, burokraziak instituzioen erantzunak behin eta berriro atzeratzen ditu, administrazioek exijitzen zaigun informazio eta dokumentazio guztia jada badaukatenean. Honetaz gain, ABEEE-ak osatzeko dirulaguntzekin antzeko gauza gertatzen ari da, oso eskasak dira eta oso berandu datoz, langileria bizitza prekarizatu baterantz bideratuz”.