Bidebietako zaindariak
Gaur egun Gaiztarro izenarekin ezagutzen den Bidebietako zonan, Fausto Gaiztarro arkitektoaren Bidebieta parkea egon zen XX. mendeko azken herenera arte. Gaiztarrok arrasto ugari utzi zituen auzoan; hala nola, animalien eskulturak.
Bidebietan bada ehun urtetik gorako zuhaitzez inguratutako inguru bat: Gaiztarro. Bidebieta parkea zenak, gaur egungo Pasai San Pedro hiribidearen eta Jose Elosegi alkatearen hiribidearen arteko guneak, bere jabe izandako Fausto Gaiztarro arkitektoaren izena hartzen du.
Arkitektoa izateaz gain, Gaiztarro oso naturzalea zen, eta horren erakusgarri da parkea urbanizatzeko prozesua abitu zuenean, Gaiztarrok Zumardi pasealekuaren alde batera eta bestera dauden hainbat zuhaitz eta berdegune handi mantentzea erabaki zuela, eraikitzeko espazioa sakrifikatuz. Zuhaitz horien artean, edozein basotan bezala, animaliak daude, baina kasu honetan ez dira benetakoak, eskulturak baizik. Hain justu, Zumardi pasealekutik ibiliz gero, lehoi eme batekin, basurde batekin, zakur batekin eta itsas txakur batekin egin daiteke topo.
Zuhaitzen moduan, eskultura horiek Gaiztarroren naturzaletasunaren erakusgarri dira, auzoaren zaindariak eta bizilagunei ongietorria egiten dietenak izateko jarri baitzituen. Gaiztarrok sustatu zuen eskulturen eraikuntza, Baldazar higiezinen agentziaren eta Orereta eraikuntza enpresaren bitartez, eta Dionisio Garcia Arranz eskultoreak egin zituen harrizko lau piezak, 1964. eta 1972. urteen artean.
Denboraren eta auzoko haurren jolasen ondorioz hein batean jatorrizko zuri kolorea galdu badute ere, hor jarraitzen dute zakurrak, lehoiak, basurdeak eta itsas txakurrak, auzoa zaintzen eta bisitariei ongietorria egiten.
Ez dira animalia bakarrak
Lau animalia horiek ez daude bakarrik Bidebietan. Izan ere, garai berean, Gaiztarrok beste eskultura baten eraikuntza sustatu zuen, zakurraren eskulturatik oso hurbil, Zumardi pasealekuaren atzealdean: oreinena. Alfredo Tienda artistak egin zuen bi oreinen eskultura, 1964. eta 1972. urteen artean. Garcia Arranzen eskulturen garai berean egin bazuen ere, oreinen eskultura zeharo desberdina da: metalezkoa da eta itxura dinamikoagoa du.