Dynedarren azken kolpea
Old Dolio izena eman zioten bere alabari Robert (Richard Jenkins) eta Theresa Dynek (Debra Winger), loteria irabazi zuen etxegabe baten omenez. Espero zutenaren arabera, aberats bihurtutako eskalea hiltzean, akaso, izenkide zuen neskaren eskuetan utziko zuen irabazitakoaren herentzia. Alabaina, gauzak ez ziren horrela suertatu eta hilabetero motz dabiltza Dynedarrak alokairua ordaintzerako orduan.
Hori bezalako hamaika trikimailu eta iruzurren sortzaileek, hogeita sei urtez hezi dute Old Dolio, alaba haien mailako maula-egile profesionala bihurtu arte. Autobusez zeharkatzen du hiria hirukote xelebreak, opari tiketen baten edo besteren bila eta haien sinkronizatutako erlojuen alarmari adi beti.
Behin, diru kopuru galanta emango dien kolpea aurrera eramaten ari direla, familiak Melanie (Gina Rodriguez) gaztea ezagutuko du, bai eta une batetik bestera haien egitasmoak oso-osorik ezagutarazi ere. Melanieren pertsonalitate distiratsuak gurasoak lausengatuko ditu eta, Old Dolio jeloskorraren onespenik gabe, bere burua bete-betetan nahasiko du familiaren iruzurretan.
Umore ilunak zipriztinduta, drama eta komedia batu egiten dira Miranda July estatubatuarrak zuzendu eta idatzitako hirugarren zinta honetan (berak antzezten ez duen lehena), familia disfuntzional bereziari buruzkoa. Hainbat arte diziplinetan trebea den Julyk, Cannesen Caméra d’Or saria irabazi zuen 2005an, Me and you and everyone we know (2005) film kitzikagarriarekin. Publiko komertzialago batengana irekitzen da orain Kajillionaire proposamenarekin, eta ekoizpenaren arduradun ditugu, hain zuzen ere, Brad Pitt eta Youree Henley. Hori bai, zuzendariaren marka diren ukitu indie, begirada garratza eta zenbait gai aldarrikatzen dira oraindik.
Me and you and everyone we know (2005) eta The Future (2011) Julyren aurreko bi filmetan, egunerokotasunaren unadura lantzen da maisuki. Existentziaren asperdura amaigabeak hartzen du pantaila, lanari kateatuta bizitzearen eta nahigabe orokortuaren ondorioen gaineko irudi sarkastikoa darabilen Julyren bidez. Pertsonaien burutapen bitxiek eta haietako bakoitzaren xehetasun zoragarriek argitzen dute, nolabait, mundu ilun hori, dialogo luze eta zentzu handirik gabekoek bideratuta.
Oraingo honetan, berriz, egunerokotasun arrunt aspergarria atzean utzi eta horren aurka borrokan dabiltzan pertsonaia askoz histrionikoekin datorkigu. Aukera ona komediaren aldetik begiratua, baina gehiegizkoa, nire iritziz, zenbait kasutan. Arazoa izan dut, adibidez, etxejabearen malko zaratatsuekin edo Old Dolioren pertsonaiarekin berarekin. Gazte bitxi eta konplexua baino, txima luzedun Evan Rachel Wood baino ez dut ikusi film osoan zehar; bere antzezlanak ez nau gehiegi erakarri.
Xelebrea da zeharo Miranda Julyren filmografia, eta bere pertsonaiak ezagutu beharrekoak. Horrexegatik, Kajillionaire bere lanik txukunena ez dela baderitzot ere, ganora handiko filma bada; arina eta entretenigarria lehen begiratu batean, deserosoa eta burutsua bigarrenean. Oldarkorra bezain sentibera dela esango nuke, ikusi eta denborara oraindik durunda egiten duten horietakoa.
