Zubietako Norte III kartzelaren proiektua aurkeztu du Grande-Marlaskak
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne Ministroak gaur goizean aurkeztu du Donostian Zubietako Norte III kartzelaren proiektua. Aurrez, bilera egin du Eneko Goia alkatearekin eta Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordearekin, besteak beste. Espetxe berria eraikitzeko lanak apirilean hasiko dituzte, eta 2023ko udaberrirako bukatzea aurreikusten dute.
Zubietako espetxeak Martutenekoa ordezkatuko du. 36.000 metro karratu izango ditu kartzelak, eta Eskusaitzetako 28 hektareako lursailean eraikiko dute, erraustegitik gertu. 234 zelda izango ditu –emakumeentzako modulu bat izango du 25 zeldakoa–, eta 500 presorentzako edukiera. Era berean, gizarteratzeko zentro bat izango du, 52 gelakoa. 41 milioi eurotik gorako aurrekontua du proiektuak, eta une honetan lizitazio prozesuan dago. Gaur da azken eguna eskaintzak aurkezteko.
Prozesu luzea
Martuteneko kartzela 1948an eraiki zen, eta Grande-Marlaskak aitortu du gaur egun ez dituela oinarrizko beharrak betetzen. Espetxe berriaren prozesua bera ere luzea izan dela onartu du. Izan ere 2005ean hasi zenetik proiektua hiru aldiz aldatu delako.
Eneko Goia alkateak adierazi du Zubietako kartzela berriaren prozesua “atzeraezina” dela, eta “asko kostatu” den arren denbora, azken fasean sartu dela. Lekualdaketa egin bezain pronto, Txomiñeneko hirigintza proiektua bukatu ahal izango dela gaineratu du. “Ondo bidean 27 edo 28 hilabete barru errealitate bihurtuko da. Proiektu berezia da, eta ez da soilik espetxe bat izango. Gizarteratzeko zentro bat izango du, EAEko lehena bihurtuko dena”, esan du Goiak.