66.234 ikusle izan dira 68. Zinemaldian, iaz baino 112.000 gutxiago

Donostiako 68. Zinemaldiak ere koronabirusaren pandemiaren ondorioak pairatu ditu, azken urteotako ikusle kopuruaren goranzko joera hautsi du: 66.234 ikusle izan dira aurten, 2019an 178.687 ikusle izan ziren bitartean. Hala ere, gaur egungo egoera ikusita, jaialdiak ontzat jo ditu datu horiek: “Iazko memorian, bi marka aipatu ziren: publikoaren asistentziarena eta akreditatuen kopuruarena. Ohartarazi zen jada zaila zela gehiago haztea eta Donostia Zinemaldiak urteak zeramatzala bere hazkuntzaren mugara hurbiltzen. Orduan, ezinezkoa zen aurreikustea ehunekoak %30 eta %70 artean murriztuko zirela 68. edizioan eta, are gutxiago, positibotzat joko zirela zifra horiek”.
Hain zuzen, akreditatu kopurua ere jaitsi egin da: 2.626 pertsona akreditatu baitzituen jaialdiak, iaz 4.319 pertsona akreditatu zituen bitartean. Aurtengoetatik, 689 pertsona 376 hedabidetako kazetariak izan ziren, eta 1.185 zinemaren industriako profesionalak (horietako 487k Internet bidez parte hartu zuten). Bestalde, 50 herrialdetako 151 film proiektatu dituzte 68. Zinemaldian.
Pandemiaren testuinguruan, jaialdiak hiru helburu zituela nabarmendu dute antolatzaileek: “Parte hartu zuten guztiontzako segurua izatea edizioa; Zinemaldiaren kontzeptuaren funtsa babestea, alegia, film bat emateko toki onena zinema areto bat dela; eta, azkenik, ekonomikoki bideragarria izango zen edizio bat lortzea”. Ildo horretatik, oro har, jaialdi on bat izan dela azaldu dute: “Ez da inor kutsatu eta zinemaren industriako 1.000 profesionalen baino gehiagoren interesa erakarri da, bai eta 376 hedabidetako ia 700 kazetarirena ere”. Era berean, egoerara egokitzeko egin behar izan dituzten aldaketa batzuk etorkizunerako mantenduko dituztela nabarmendu dute: “Eserlekuak aurrez esleitzea eta zinemaren industriari zuzendutako jarduerak aldi berean Internet bidez eta aurrez aurre egitea”. Horretaz gain, Zinemaldia egitearen garrantzia azpimarratu dute: “Zinemaldia egitea oso garrantzitsua izan da zinemaren industriarentzako, dela Espainiakoa, dela Euskadikoa, dela nazioartekoa. Mundu osoko hedabideek goraipatu dute programazioa eta antolakuntza”.
Bestalde, Zinemaldiak pandemiaz gain aurrera begira dituen erronkak azaldu dituzte antolatzaileek: “Talentu berrien aldeko apustu irmoa (espero baino lehen eman ditu fruituak Koprodukzio Foroko, Nest-eko, New Directors-eko eta Sail Ofizialeko parte-hartzaileen, Ikusmira Berriak-eko egoiliarren eta Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleen arteko harremanetan); Pentsamendua eta Eztabaida saila sortzea, genero-identifikazioko txostena egitea (horri, orain, iraunkortasun-proiektua gehituko zaio); eta, ekimen horiei guztiei lotuta, urte osoko zinema jaialdiaren konfigurazioa izatea. Hain zuzen ere, presenteago egongo da Tabakaleran eta bertako komunitatearekin 2021ean zehar”.