Tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina abiatu du udalak

Donostiako Udalak Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpaina abiatu du, tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Udaleko Euskara Zerbitzuak abiatu du kanpaina, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera, eta Bilbok, Gasteizek eta Oarsoaldeak ere partu hartuko dute. Udalaren arabera, “merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina hau elkarlanerako abiapuntua besterik ez da, aurrerantzean lan lerro hori elkarrekin jorratzen jarraitzeko asmoa dute eta”.
Udalaren arabera, tokiko merkataritzak “berezkoak” dituen bi kontzeptu lotzen ditu: euskara eta konfiantza: “‘Jarri betikoa’ da denda edo taberna batean konfiantza handiena ematen duen esaldia. Hala, euskara egunero erabiltzeko eta konfiantza sortzeko baliabide gisa aurkezten du kanpainak. Bereziki, lehen hitza euskaraz egiteko gai diren kontsumitzaileentzako da”. Urtarrilaren 22ra arte egingo dute kanpaina, eta “zer da betikoa zuretzat?” galdera ere egingo diete hainbat kontsumitzaile eta saltzaileri, eta bizipenak kanpainaren webgunean jasoko dituzte.