Añorgako ahozko memoriari buruzko erakusketa aurkeztu dute
Amassorrain ikastolako seigarren mailako ikasleak urtebetez aritu dira Añorgako ahozko memoriari buruzko proiektu batean lanean, Hariak sortzen izenekoa. Horren garapena eta emaitza ikastetxean ikus daiteke atzotik, Cemento Rezola museoak eta K6 Gestion Culturalek bultzatuta.
2018-2019 ikasturtean egin zen Hariak sortzen lehenengoz, beraz, honen bigarren edizioa ikusi ahalko da. Proiektu honetan, ikasleek gaiari buruzko ikerketa eta landa lana egin dute. Horretarako, besteak beste, memoria kontzeptua landu dute, eta hainbat belaunalditako Añorgako bizilagunak elkarrizketatu dituzte. Erakusketako testuak ere ikasleek idatzi dituzte. Gainera, egindako elkarrizketak bideoz jaso zituztenez, erakusketan proiekzio bat ikus daiteke horiekin. “Ikasleen erantzuna oso ona izan da. Proiektu honi esker auzoan izan diren aldaketei buruz ikas dezakete modu praktiko batean”, nabarmendu du Amaia Llorentek, proiektuko museoko koordinatzaileak.
Hariak sortzen egitasmoa Añorgatarrak proiektu parte da. Añorgatarrak 2010ean sortu zen, eta memoria berreskuratzea du helburu, baita belaunaldien arteko ahozko memoriaren transmisioa egitea ere.