Donostiatruk azokak elkartasuna izango du hizpide asteburuan
Asteburu honetako Donostiatruk bigarren eskuko produktuen azoka berezia izango da, elkartasuna izango baita bere oinarria. Larunbatean, hilak 19, izango da Amarako Easo plazan, 10:00etatik 14:00etara. Oraingoan, irabazi asmorik gabeko elkarteak izango dira protagonistak. Guztira, hamabost postu egongo dira eta, bertan, bigarren eskuko arropa, osagarriak, liburuak, jostailuak, apaingarriak, irudiak, eta abar salduko dira.
Egia auzoko Km0 jatetxe begano begetarianoan bi lagunentzako bazkaria edo afaria zozkatuko dute bezero guztien artean. Bestalde, postua jartzeko izen-emate epea itxita dago jada, baina saltzeko objektuak izanez gero, postuetan utzi daitezke azokaren egunean bertan, 9:30etik 10:00etara, eta azoka bukatzean diruaren bila edo saldu gabeko objektuen bila pasa behar da. Era berean, herritarrek bigarren eskuko objektuak saldu eta erosi ditzakete udalaren webguneko Hiria atalean.