Guardia Zibilak eta PSOEk "egia zor dutela" salatu dute Intxaurrondon
Donostiako Sortuk deituta, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin zuten atzo, hilaren 15ean, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean, Mikel Zabalzaren heriotzaren 35. urteurrena dela eta. Hain zuzen, atzoko egunez, duela 35 urte, agertu zen Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian, Endarlatsa (Nafarroa) inguruan, Jose Barrionuevo orduko Barne Ministroak iragarri zuen lekuan. Hilik eta tortura zantzuekin agertu zen Zabalza, Intxaurrondoko kuarteletik pasa eta hogei bat egunera. Gaur egun indarrean jarraitzen duen bertsio ofizialaren arabera, Endarlatsa inguruan ETAren arma zulo bat baieztatzen ari zirela, Zabalzak ihes egin zien guardia zibilei, zulo batetik ibaira erori zen eta han hil zen, itota. Hainbat ikerketek, ordea, bertsio hori ezeztatu dute, eta Zabalzarekin atxilotutakoek –bere bikotekide Idoia Aierbek eta Ion Arretxe idazleak, besteak beste– torturak salatu zituzten. Hala ere, kasua ez da inoiz argitu eta ez du inork ordaindu.
PSOE zegoen Espainiako Gobernuan garai hartan, eta horregatik, PSOE, Guardia Zibila, egia zor duzue lelopean egin zuten atzoko elkarretaratzea. Protesta guztian zehar, “hemen torturatu da”, “Mikel, gogoan zaitugu” eta “alde hemendik, utzi bakean” aldarriak ohiukatu zituzten herritarrek, besteak beste. Era berean, “hilketa”, “egia”, “beldurra”, “gezurra” eta “okupazioa” zioten kartelak zeramatzaten.
#MikelZabalza: 35 urteko inpunitatea#Tortura #AldeHemendik #Memoria #Donostia #Intxaurrondo pic.twitter.com/iURdZYIy7t
— Sortu Donostia (@SortuDonostia) December 15, 2020
1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuten guardia zibilek Zabalza Altzan –orbaizetarra zen, baina Altzan bizi zen, Donostiako Tranbia Konpainiako langilea baitzen–, ETAko kidea zelakoan. Ion Arretxe idazlea, Idoia Aierbe (Zabalzaren bikotekidea), Manuel Bizkai (Zabalzaren lehengusua) eta Patxi eta Aitor (Zabalzaren anaiak) atzeman zituzten operazio berean. Zabalza Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten, eta handik hogei bat egunera hilik agertu zen Bidasoa ibaian, Endarlatsa (Nafarroa) inguruan, tortura zantzuekin. Harekin atxilotutakoek torturak salatu eta bizitza guztian zehar ondorioak pairatu bazituzten ere, kasua artxibatuta dago 2010etik. Asteburuan, haren omenezkon Mikelen Txokoa inauguratuko du Altzan Mikel Zabalza Herri Ekimenak, eta udalak ere omenaldia egingo dio udaletxean.