Herrerako emakumeak omendu dituzte horma-irudi baten eta panel baten bidez
Herrerako plazak itxura berria du, auzoko emakumeak omentzeko horma-irudi bat eta panel bat jarri baitituzte, auzoko hainbat eragilek eskatuta. Hain zuzen, Herripe auzo elkarteak, Plazandreok plataformak eta Kulero Moreak taldeak aurkeztu zuten auzoan berdintasuna sustatzeko egitasmoa, eta Donostiako Udaleko prozesu parte-hartzailearen bidez garatu du Berdintasun zinegotzigoak. Herritarrek Internet bidez bozkatuta aukeratu dituzte diseinuak.
Zubiaren azpian panel bat jarri dute, garai batean Txingurri ibaiko Herrerako emakumeek egiten zuten lana aitortzeko. Era berean, plazako eskaileretan horma-irudi koloretsu bat margotu dute, 1971ra arte han egon ziren frontoia eta azoka oroituz, eta honako mezu honekin: “Garai bateko frontoia bezain alai eta orduko azokan bezain lasai ibili nahi dugu emakumeok nonahi”. Auzoko puntu kritiko hori hobetzeko helburuarekin egin dute horma-irudia, eta diseinua Deltadec estudioak garatu du.
Bizilagunek azaldu dutenez, plazako puntu kritikoa hobetzeko proiektuko gauza batzuk egiteke daude oraindik, hala nola, eskaileretan bertso bat eramango duen plaka bat jartzea eta zubiaren azpiko argiak eta ur isuriak hobetzea eta kontrolatzea.