Kaxilda liburu dendan ardo ekologikoak erosi eta dastatu ahalko dira aurrerantzean
Amarako Kaxilda liburu denda eta jatetxeak Iparraldeko Biba Ardoak ardo ekologikoen enpresarekin lankidetza abiatu du, eta euren ardoetako 25 Kaxildan bertan erosi ahal izango dira hemendik aurrera. Horretaz gain, datozen asteetan Kaxildako tabernan ardoak dastatu ahal izango dira, eta pandemiaren egoerak hobera egiten duenean, iragarri dute ardo kultura berriaren inguruko egitaraua garatuko dute: topaketak, liburuak, dastaketak, hitzaldiak eta afariak, besteak beste.
Atzo egin zuten lankidetza proiektuaren aurkezpena Kaxildan bertan, eta Arturo Villanueva Biba Ardoakeko koordinatzaileak, Luisja Oregi mahastizainak eta Esteban Zamora eta Josean Arriola Kaxildako arduradunek azaldu zutenez, bi proiektuen “indarrak batzea eta elikadura burujabetzaren bidea elkarrekin jorratzea eta sakontzea” dira egitasmoaren helburuak, “interkooperazioa eta erresilientzia eraikiz”. Era berean, Kaxildako ardandegia sortuz, “landa eremua eta hiriaren arteko lotura berrosatzen” lagundu nahi dute bi eragileek, “mahastizainen lana ikusgarritasuna eta balorea emanez”. Liburu denda eta jatetxe izateaz gain, Kaxilda “mahastizain eta ardozaleentzat topagune” izatea nahi dute, elkarrekin “ardo kultura berria, bizia, osasungarria eta herrikoia” bultzatzeko.