Realak lider bakarra izateko aukera berreskura dezake
Realak berriz ere lor dezake lider bakarra izatea, baina horretarako Bartzelonaren kontra berdindu edo irabazi beharko dute Camp Nouen. Partida 21:00etan izango da. Herri Katalanetako taldea ez dago bere momentu onenean. Ligan zortzigarrena da, eta azkeneko hamaika partidutan lau porrot eta bi berdinketa izan dituzte. “Irregularra, bai, baina jokoan betiko Barça da. Lau partida galdu baditu ere, ia guztietan arerioak baino aukera gehiago izan ditu, nahiz eta gero ez sartu”, nabarmendu du Imanol Alguacilek. “Betiko Barça ikusiko dugu, indartsua, kalitate handikoa eta, dudarik gabe, arerio zaila, batik bat etxean jokatuta”, gehitu du Oriokoak. Hala ere, “baikorra” dela adierazi du, eta esan du “betiko Reala ikustea” espero duela “eta gaitasuna izatea aurrez aurre eta lehiakor azaltzeko”.
Lehen mailara igo zirenetik, Txuri Urdinek aurre egin ohi diote Bartzelonari Anoetan, azkeneko urteetan zenbait partida galdu badituzte ere; ordea, Camp Nouen ez dute punturik lortu 1995etik.
Ligari dagokionez, aipatzekoa da Realak, Atletico Madrilek eta Real Madrilek ez dutela partida kopuru berbera jokatu; alegia, Realak 13 partida jokatu ditu —gaurko partida jokatu ostean, 14—, Real Madrilek 13, eta Atletico Madrilek 11 —jardunaldi hau kontuan izanda—.