Loiolako kuartelak, auzoaren begiradapean
Loiolako kuartelak denen ahotan daude azken asteotan, gaur egungo lursaila saldu egingo baita, eta militarrak ibaiaren beste aldera joango baitira. Ia 100 urte daramatzate hor kuartelek, eta inguruko auzoetan eragin nabarmena izan dute.
Duela hiru aste Espainiako Gobernuak eta EAJk 2021ean Loiolako kuartelak Donostiako Udalaren esku gelditzeko akordioa itxi zutenetik, kuartelen gaiak lehen mailako garrantzia hartu du hirian. Izan ere, udalaren aspaldiko eskaera da lursail hori bere esku gelditzea, han etxebizitzak egiteko. Era berean, Loiolako eta Txomiñeneko bizilagun askoren aspaldiko aldarrikapena da militarrek auzotik alde egitea. Akordioa sinatu eta gutxira, ordea, Espainaiko armadak Donostia utziko zuelako ideia zapuztu egin zuen Pedro Sanchezen gobernuak, kuartelak hipikara, Defentsa Ministerioarena den ibaiaren beste aldeko lursailera, lekualdatuko zituztela iragarri baitzuen.
Lekuz aldatuko badituzte ere, kuartelek auzoan jarraituko dute, eta azken ia 100 urteetan izandako eraginak bere horretan jarraituko du. Kuartelen historia errepasatzeko, inguruko hiru bizilagunekin eta Bake Ekintza Antimilitaristarekin hitz egin du hedabide honek, eta Ander Gortazar arkitektoak ere parte hartu du, gaur egungo kuartelen lursailean garatuko duten hirigintza proiektuari buruz hitz egiteko. Erreportaje osoa ostiralean izango da irakurgai, IRUTXULOKO HITZA-ren paperezko astekarian eta Irutxulo.hitza.eus webgunean.
Bizilagunen artean, askotariko iritziak daude. Igor Alonso Loiolako Urumea ibaia auzo elkarteko kideak, esaterako, azaldu du “auzoaren betiko aldarrikapena” dela militarrek alde egitea, eta haiekin izandako hainbat liskar ekarri ditu gogora: “Behin, SS nazien adabaki batzuekin agertu ziren auzoko taberna batean, eta liskar handia izan zen, noski”. Teresa Urzainki Loiolako bizilaguna ere ez da eroso sentitzen kuartelak auzoan izanda, balkoitik egunero ikusten eta entzuten baititu: “Guretzat, putakeria bat da kuartelak hor izatea, bai sortzen dituzten eragozpenengatik, baita bistengatik ere. Bista onak ditugu balkoitik, baina kuartelekin zapuzten zaizkigu”. Igor Martin Txomiñeneko Lanberri auzo elkarteko kideak, ordea, adierazi du kuartelek ez diotela molestatzen, eta militarren presentziak bere garaian Loiolan eta Txomiñenean ekarritako dirua gogoratzeaz gain, militarren eta auzokoen arteko harremana “naturala” izan dela nabarmendu du: “Tragoak elkarrekin hartu izan ditugu beti auzoko tabernetan”.
Bake Ekintza Antimilitarista taldeak kuartelak lekualdatzea kritikatu du, euren aldarrikapena “kuartelak ez hemen ez inon” baita. Era berean, derrigorrezko zerbitzu militarraren garaiko hainbat bizipen eta ekintza ekarri dituzte gogora, eta ildo beretik borrokan jarraituko dutela iragarri dute.
Gortazarrek alde batera utzi du militarren presentziaren eztabaida, eta kuartelen lursailean udalak garatuko duen hirigintza proiektua izan du hizpide. Salatu du orain arte udalak garatu duen hirigintza “zaharkituta” dagoela, eta hiritarren artean adostasun dezente dagoela “Txomiñenea 2.0 bat ez izateko”. Hain zuzen, “originala” izateko eskatu dio udalari: “Esaterako, posible da autorik gabeko auzo bat egitea, autoa erdigunea izatea iraganeko zerbait baita. Ez da zerbait iraultzailea, XXI. mendea da”.