Tiktok lehiaketa abiatu du Cristina Enea Fundazioak, "gazteen gune natural gustukoenak ezagutzeko"
Donostiako Udalaren Gabonak zuretzat programare barruan, Cristina Enea Fundazioak Gabonetako lehenengo Tiktok lehiaketa antolatu du. 11 eta 16 urte arteko haur eta gazteentzat antolatu dute egitasmoa, euren gune natural eta berdegune gustukoenak ezagutzeko helburuarekin.
Parte-hartzaileek banaka zein taldeka parte hartu ahal izango dute: gehienez minutu bateko bideoak egin beharko dute, naturgune bat edo berdegune bat erakutsiz eta kokapen hori aukeratzeko arrazoiak azalduz. Parte-hartzaileentzat ingurumen balioa duen edozein tokitan grabatu ditzakete bideoak, hala nola, mendi batean, hondartza batean, parke batean, eta abar. Era berean, bideoen egitura askea da eta aplikazioaren tresnak erabili ahal izango dira; koreografia bat egin daiteke, esketx bat edo youtuber estiloa eman, besteak beste.
Parte hartu ahal izateko, haur eta gazteen gurasoek edo tutoreek inprimaki bat bete beharko dute, eta bideoak sare sozialetara igo beharko dira, @cristinaeneafundazioa erabiltzailea aipatuta eta #CristinaEneaLehiaketa traola erabilita. Bideoak sare sozialetara igotzea ez da parte hartzeko modu bakarra izango, WeTransfer bidez ere bidaltzeko aukera baitago, cristinaenea@donostia.eus helbide elektronikora.
Irabazlea 2021eko urtarrilaren 10ean hautatuko dute (egun horretara arte bidali daitezke bideoak) zozketa bidez, eta pertsona edo talde irabazleak Elkar dendetan erosteko 200 euroko opari txartela jasoko du.