Ia mende bat auzoaren begiradapean
Loiolako kuartelek ia 100 urte daramatzate Urumea ibaiaren ertzean, Loiola eta Txomiñenea auzoen artean, eta horrenbeste urtetan eragin nabarmena izan dute auzo horietan. Askotariko liskarrak izan dira bizilagunen eta militarren artean, eta kuartelak Donostiako antimilitarismoaren jomugan izan dira beti. Hala ere, garai batean, militarren presentziak dirua ekarri zuen inguruko auzoetan, eta euren seme-alabak zibilenekin hazi dira. Orain, kuartelen lursailean etxebizitzak egingo dituzte, baina militarrak ez dira Loiolatik joango, hipikara lekualdatuko dira.
“Kuartelak aurrean izatetik ondoan izatera pasako gara. Horretarako, hobe aldaketarik ez egitea; beste gauza bat izango litzateke kuartelak kentzea eta gu bakean uztea”. Hala baloratu du Teresa Urzainki Loiolako bizilagunak kuartel militarren lekualdatzearen albistea. Urzainkik 30 urte baino gehiago daramatza kuartelen parean bizitzen, eta bere balkoitik instalazioak ikusten ditu egunero: “Guretzat, putakeria bat da kuartelak hor egotea, bai sortzen dituzten eragozpenengatik, baita bistengatik ere: bista ederrak ditugu balkoitik, baina kuartelak hor izanda bista guztia zapuzten zaigu”. Era berean, kuarteletan gaur egun militar gutxi badaude ere, egunero ikusten edo entzuten dituela nabarmendu du Urzainkik: “Turuta egunean hiru aldiz jotzen dute, eta egunero ikusten ditugu bandera igotzen eta jaisten, korrika egiten eta halako tontakeriak egiten. Dauden gutxi horietarako, ez du merezi kuartelik izatea”.
Egunero “turuta jotzen”, “bandera igotzen eta jaisten” eta “korrika egiten” aritzen diren horiek 1534. urtean sortutako 67. Tercio Viejo de Sicilia infanteria-erregimenduko militarrak dira, baina beste erregimendu batzuk ere izan dira Loiolan; hala nola, zulatzaileen seigarren erregimendua, artilleria astuneko hirugarren erregimendua eta mendiko zortzigarren infanteria-erregimendua. Bere garaian, kuartelak 2.000 militar inguru izatera heldu ziren, baina gaur egun, 400 edo 500 inguru daude. Kuartelak 1926ko otsailaren 22an inauguratu zituen Espainiako Gerra Ministerioak –Ormaechea y Cia enpresak eraiki zituen, 1922tik 1926ra–, eta Felix Elejalde Aldamak (Ezkurra, Nafarroa, 1949-Donostia, 2014) Behin batean Loiolan (1998) liburuan azaldu zuenez, kuartelek 2.223 pertsonarentzako lekua zuten eraiki zituztenean: 1.125 pertsona Princesa Maria Teresa ingeniaritza kasernan eta 1.098 pertsona Infanta Maria de las Mercedes infanteria kasernan (Alfontso XIII.a Espainiako garaiko erregeraren arreben omenez jarri zizkieten izen horiek Loiolako bi kuartelei).
Alfontso XIII.a, bere ama Maria Cristina eta Primo de Rivera jenerala izan ziren instalazioen inaugurazioan, beste hainbat agintarirekin batera. Espainiako erregearen presentziarekin lotuta, bitxikeria xelebre bat kontatu zuen Elejaldek liburuan. Dirudienez, kuartelak eraikitzen ari zirenean, Alfontso XIII.a Tuniz baserriaren inguruan zaldiz paseoan ibili ohi zen, eta, halako batean, zera bota zion baserriko arduradunak: “Adizu, jauntxo: lur hauek badute jabea. Zuri ez zaizu tokatzen hemendik pasatzerik”.
Kuartelak inauguratzeaz gain, Alfontso XIII.ak Loiola eta Espainiako armadaren instalazioak lotzen dituen zubia ere inauguratu zuen 1926an, eta militarrek haren izena jarri zioten. Nork esango zuen zubiak hautsak harrotuko zituela handik urte askora. Igor Alonso Loiolako Urumea ibaia auzo elkarteko kideak bizitza guztia darama auzoan, eta hala azaldu du: “Militarrentzako, euren konkistatzaile pentsamoldearen barruan, zubiak Alfontso XIII.aren izena izan behar du. Plaka bat jarri zioten izen horrekin, udalak izen ofiziala jarri zion [Urdintzuko zubia], eta azkenean, beraiek beste plaka bat jarri zuten erdian, Puente de Alfonso XIII dioena. Izan ere, beraientzako, zubi hori euren jabetzakoa da nahiz eta okupatuta daukaten”. Zubia, berez, zibila da, eta bizilagunek eskatuta, udalak 1998an berreskuratu zuen jatorrizko izena: Urdintzuko zubia, han inguruan zegoen etxe baten omenezkoa. Gaur egun, plaka ofiziala dago zubiaren Loiolako aldean, baina Alonsok azaldu moduan, erdian Puente de Alfonso XIII dioten plaka ez ofizialak daude.
Zubiarena, ordea, ez da izan bizilagunen eta militarren arteko liskar bakarra. Alonsoren arabera, kanpoko militarrak maniobrak egitera joaten direnean izaten dira arazoak, bereziki: “Gaizki begiratzen gaituzte euskaraz hitz egiteagatik, pintaketa naziak egin izan dituzte eta tabernetan ez da giro ona izaten. Kuarteletan bizi direnak, ordea, saiatzen dira atentzioa asko ez ematen, nik uste”. Ildo beretik jo du Urzainkik, eta kuarteletako militarrekin harreman handirik izan ez dutela nabarmendu du: “Ez da inoiz harreman esturik izan bizilagunen eta militarren artean; militarrak dira eta listo. Kuartel barruan bizi izan dira beti, eta ateratzen eta sartzen baino ez ditugu ikusten. Noizean behin, Viva España! eta horrelakoak oihukatzen entzuten ditugu, baina besterik ez. Lehen, bazegoen auzoan poteatzen zuen militar kuadrilla bat, baina aspaldi ez ditut ikusi”. Loiolan asko ibiltzen ez badira ere, Alonsok kontatu du batzuetan tabernetara “futbol partidak ikustera” joaten direla, baina “kontuz” ibili behar dela, edaten dutenean “berotzen” direlako. Horregatik, auzo elkartekoak azpimarratu du tabernariak ere ez direla eroso sentitzen militarrekin: “Uste dut tabernariek ere ez dutela nahi militarrak euren establezimenduetara joatea, askotan liskarrak sortzen dituztelako. Esaterako, behin militar batzuk SS nazien adabakiekin etorri ziren, eta liskar handia izan zen, noski”. Urzainkik askotariko liskarrak gogoratzen ditu auzoan: “Soldadutzaren garaian, herritarrak sagardotegietatik jaisten zirenean, kuartelaren aurrean gelditzen ziren askotan, eta militarrei oihuka hasten zitzaizkien. Ohikoa zen garai hartan”.
Horregatik, Alonsok nabarmendu du “auzoaren betiko aldarrikapena” izan dela “militarrek alde egitea”. Bestalde, salatu du bizilagun gehienei arrotza egiten zaiela kuartelen existentzia bera: “Garai batean, denbora gutxian hainbat liskar izan ziren auzoan, eta pentsatu genuen beraiekin hitz egitera joatea, baina beldurra ematen du. Ateak irekitzeko jardunaldiak egin izan dituztenean ere ez gara joan, arrotza egiten zaigulako militarren parafernalia guztia”.
Onurak auzoan
Derrigorrezko zerbitzu militarraren garaian, donostiar guztiek Loiolako kuarteletara joan behar zuten soldadutza egiteko izena ematera, eta ondorioz, Alonsok azaldu duenez, “diru asko egin zen Loiolan”: “Hemendik pasatzen zirenek ogitartekoak jaten zituzten auzoko tabernetan, eta taberna batzuetan militarrentzako armairuak zeuden. Ezin zirenez kuarteletatik kaleko arroparekin jantzita atera, uniformearekin ateratzen ziren, eta etxeetako edo lokaletako takiletan aldatzen ziren, eta arduradunari armairua erabiltzeagatik ordaintzen zioten”.
Hortik jo du Igor Martin Txomiñeneko Lanberri auzo elkarteko kideak –30 urte baino gehiago daramatza auzoan bizitzen–, eta gogoratu du Loiolako Americano tabernan militarren merchandising-a saltzen zutela: “Nire amonaren etxean bazegoen han erositako militarrez jantzitako panpin bat”. Era berean, militarrek inguruko bizilagunekin izandako harremana Alonsok azaldutakoa baino naturalagoa izan dela azpimarratu du Martinek: “Derrigorrezko zerbitzu militarraren garaian mugimendu eta kontsumo asko izan zen hemen, baina gerora ere, militarrak auzoan ibili izan dira, Loiolan bereziki, erosketak egiten eta taberna giroan; betidanik hartu izan ditugu tragoak elkarrekin auzoko tabernetan”. Horretaz gain, militarrek auzoan ere lagundu izan dutela nabarmendu du Martinek: “Ateak irekitzeko jardunaldiak egin izan dituztenean, beti gonbidatu gaituzte, eta ez da inoiz arazorik izan. Jaietan ere laguntzen digute, eta futbol partidak ere jolastu izan ditugu euren aurka. 2011ko uholde handietan ere hemen egon ziren esku bat botatzen”. Hala ere, gaur egun egoera aldatu egin dela esan du Alonsok: “Gaur egun, nahiko neutrala da egoera: ez dute garai batean sortzen zuten dirua sortzen, eta, normalean, ez dira liskarrak izaten”.
Soldadutzaren urteetan, ETAren hainbat atentatu izan ziren kuarteletan, eta Martinek gogoratu du polizia militarra ibiltzen zela orduan auzoan: “Atentatuek ez zuten zerikusirik gurekin, baina egia da zerbait gaizki ateraz gero arriskuan egon gintezkeela. Garai hartan, polizia militarra eskolaren inguruan patruilatzen hasi zen, eta gogoratzen dut segurtasuna ematen zigula”. Alonsok, ordea, ez du segurtasun sentsazioa gogoratzen patruila haiekin: “Auzoa patruilatzen hasi zirenean, Loiola auzo militarizatu bihurtu zen. Era berean, Hispanitatearen Egunaren moduko jaietan, auzoa inguratzen zuten, eta kontrol bat pasa behar zenuen auzotik ateratzeko edo sartzeko. Sarritan, liskarrekin bukatu izan dira halako egunak”.
Horretaz gain, Martinek azpimarratu du auzokoen eta militarren arteko nahasketa “aberasgarria” izan dela: “Inguruko auzoetako jende asko militarrekin ezkondu da; kuartelak hain hurbil egonda naturala da, eta aberasgarria ere bada. Euren seme-alabek, noski, auzokoekin batera ikasten dute”. Alonsok militarren seme-alabekin ikasi zuen, eta harreman pertsonala txarra ez bazen ere, desberdintasunak zeudela gogoratu du: “Haurra nintzenean, eskolara militarren seme-alabekin joaten nintzen, eta bitxia zen: gurasoek ez zieten uzten euskarazko klaseetara joaten, eta San Fernando eta halako jaiegun espainiarretan ez ziren eskolara etortzen. Pertsonalki, nahiko harreman naturala genuen, baina bitxia zen hori guztia ikustea”.
Antimilitarismoaren jomugan
Ia 100 urtez hirigunetik hain hurbil egonda, Donostiako eta Euskal Herriko mugimendu antimilitaristan garrantzia handia izan dute kuartelek. Bake Ekintza Antimilitarista taldeak azaldu duenez, 1970eko hamarkadan, derrigorrezko zerbitzu militarraren garaian, hasi ziren “desmilitarizazioaren alde” lan egiten, eta nabarmendu dute gizartea oso kontzentziatuta zegoela orduan: “Kale mobilizazioa etengabea zen, eremu militarretan, epaitegietan, kartzelan, eta abar. Aldi berean, alderdi politikoak eta sindikatuak mugitzera behartzen genituen, Soldadutzaren Ordezko Zerbitzu Soziala ez garatzeko eta udalak intsumiso izateko, adibidez”. Era berean, XX. mendeko azken hamarkadetako ekintzak gogoratu dituzte: “Ekintza antimilitaristak ugariak izan ziren 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Pertsonak zubian kateatzea zen ohikoena, baina ikusgarriena 1998ko martxoan izan zen: lau pertsona kuartelen eremuan sartu ziren eta kondoiak jarri zituzten kañoi batzuetan: frankismoaren ondoren zibilak Guda Kontseiluan epaitu zituzten lehen aldia izan zen, eta bost hilabeteko kartzela zigorra jaso zuten”.
Derrigorrezko zerbitzu militarra bertan behera geratu ondoren ere borrokan jarraitu dutela azpimarratu dute antimilitaristek: “Azken urteotan ate irekien eguna ospatu dutenean elkarretaratzeak egin ditugu, salatzeko Loiolako lurren gaineko eremuarekin espekulatzen zuten bitartean gizartearen aurrean beste aurpegi gozoago bat erakutsi nahi zutela”. Horretaz gain, salatu dute militarrek gero eta presentzia handiagoa dutela hirian: “EHUko Udako Ikastaroetan parte hartzen dute, San Telmo Museoan eta Koldo Mitxelenan hitzaldiak ematen dituzte eta Miramarren kontzertuak eskainitzen dituzte. Euren burua zuritzen saiatzen dira, baina militarismoaren kalteak argiak dira: gerrak, gastu militarra, inposaketa, eta abar”.
Ildo horretatik, nahiz eta bere garaian kuartelek mugimendu ekonomiko handia sortu inguruko auzoetan, militarrek sortutako kalteak onurak baino askoz handiagoak direla nabarmendu du talde antimilitaristak: “Eragin ekonomikoarekin batera zetozen zenbait militarren jarrera inposatzaileak eta gatazkak. Militar profesionalekin ere arazoak izan dira, EHGAMeko kide bat jipoitu zutenean, adibidez. Bestalde, Urumearen ur goraldietan auzotarrei lagundu dietela nabarmentzen da, baina uholdeen arriskua murrizteko ez zeuden prest meandroko lur zati bat galtzeko edo zubian obra egiteko”.
Horregatik guztiagatik, kuartelak lekualdatzea albiste txar bat dela deritzote antimilitaristek: “Kuartel berririk ez, ez hemen, ez inon aldarrikatzen jarraituko dugu: kuartel berri batek ez gaitu indarkeriairik gabeko etorkizunera hurbiltzen, eta salatzekoa da kuartel berriaren eraikuntzarekin gastu militarra handitzea, behar sozialak bermatuta ez daudenean”.
Kuartelen lursailean zer?
Donostiako Udalak 20 urte baino gehiago daramatza kuarteletako lursaila bere eskuetan geratzeko eskatzen, Urumeako ibarrean urbanizatzeke dagoen azken zatia delako. Espainiako Gobernuaren eta EAJren arteko akordioaren berri izatean, Eneko Goia alkateak adierazi zuen lursail horretan 1.600 etxebizitza inguru egingo dituztela, baina Martin, Alonso eta Urzainki kritiko agertu dira proiektuarekin, “kolpetik aberasteko beste operazio urbanistiko bat” izango dela salatu baitute: “Bere garaian, auzo elkarteak udalari planteatu zion lursail horretan unibertsitate campus bat egitea. Izan ere, ez zaigu asko gustatu inoiz hor etxebizitzak egiteko ideia”, gaineratu du Alonsok.
Era berean, hiriko hainbat eragilek euren iritzia eman dute proiektuaren inguruan: besteak beste, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak lursail horretan berdegune handi bat egitea proposatu du, eta Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak eskatu du aintzat hartzeko eraikinen balio historikoa.
Kuartelen lursailaren harira egin beharreko lehenengo galdera zera dela nabarmendu du Ander Gortazar arkitektoak: “Eraikitzen jarraitu behar dugu Donostian? Oso leku interesgarria da, baina ez daukat erantzun zehatzik”. Bestalde, eraikin historikoetako batzuk mantentzearen alde agertu da Gortazar: “Donostian dena babesteko eskatzeko oso zaleak gara. Ez da zertan dena harriz harri babestu behar, baina kuartelek Loiolan izan duten eragina aintzat hartuta, aztertu beharko litzateke behintzat zerbait mantentzea”.
Litekeena etxebizitzak eraikitzea dela kontuan izanda, Gortazarrek eskatu du orain arte Donostian garatutako hirigintza eredua ez errepikatzeko: “Uste dut nahikoa adostasun dagoela herritarren artean gune hori Txomiñenea 2.0 batean ez bihurtzeko: ez dadila izan soilik lo egiteko balio duen beste auzo homogeneo eta errepikakor bat”. Izan ere, Txomiñenean garatutakoa “hirigintza estilo zaharkitu bat” dela azaldu du arkitektoak: “Auzo berrietan, funtzio nahasketa faltan bota ohi da; iragartzen da zenbat etxebizitza egingo diren, baina ez zer egingo den etxebizitzez gain”.
Bestalde, gardentasunez jokatzeko eskatu dio udalari: “Jendearen inplikazioa ahalbidetzea eskertuko nuke, ahalik eta ideia gehien jasotzeko, originalagoak izateko bidean”. Ildo horretatik, originaltasun falta salatu du Donostiako hirigintzan: “Badaude eredu berritzaileak, eta ez oso urruti. Posible da autorik gabeko auzo bat egitea, autoa erdigunea izatea iraganeko zerbait baita. Loiolako kuarteletako ingurua aproposa da horretarako: 300 metro iparraldera topoaren geltokia dago eta beste 300 metro hegoaldera RENFErena. Gainera, leku laua da eta Intxaurrondotik oso gertu dago. Ez da ideia iraultzaile bat, XXI. mendea da”.