Illunben ez dute merkataritza gunerik egingo
Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak atzoko udalbatzarrean baieztatu zuen jakina zena: Illunben ez da merkataritza gune handirik egingo, ezta etxebizitzak ere. Udalak berak onartu zuen bere garaian inguru horretan merkataritza gune handi bat egitea, eta espazioaren kudeaketa Moyua taldeko Larrain S.L. eta Altuna y Uria taldeko Loiola Gestion Inmobiliaria enpresei adjudikatu zien duela hiru urte, hamazazpi milioi eurorengatik. Enpresek, ordea, ez dute proposamen egokirik egin, eta udalak hasierako ideia hori alde batera uztea erabaki du. Horretarako, Plan Orokorra aldatu egin beharko dute, aurreko proiektuan oinarrituta baitago gaur egungo plana.
PPren udal taldeak Miramongo enpresak aztertzeko aurkeztutako mozio baten harira eman zituen azalpen horiek Dominguez-Macayak, eta lursailari Miramongo parkearekiko erabilera osagarria emateko modua aztertuko dutela gaineratu zuen. PPren mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak, nahiz eta EH Bildu abstenitu egin zen kontzesionariarekin negoziatzeko eskatzen zuten puntuan.
Udalak, Illunberen jabetza bere gain hartzeko, hogei milioi euro inguru ordaindu behar izan zizkion Chopera familiari, auzitegiek zezen plazaren eraikuntzaren adjudikazioa bertan behera utzi ondoren. Udalak 1997an adjudikatu zuen eraikuntza, lehiaketa publikorik gabe, eta auzitegiek horregatik atera zuten aipatu epaia.