Intxaurrondo Ikastolako patioa estaliko du udalak
Donostiako Udalak Intxaurrondo Ikastolako patioaren zati bat estaltzeko proiektua onartu du, 338.386 euroko aurrekontuarekin, BEZ barne. Horrela, patioaren ipar-mendebaldeko muturrean estalki laukizuzen bat jarriko dute, ikasleek euria egiten duen egunetan ere patioan jolastu ahal izateko. 27,5 metro luze eta 16,5 metro zabal izango ditu estalkiak, eta lau metroko altuera izango du bere punturik baxuenean, altuenean 4,8 metrokoa izango duen bitartean.
Borja Llop arkitektoari adjudikatu diote proiektua lehiaketa publiko bidez, eta datorren urteko udan egitea aurreikusten du udalak, ikasturteko oporrak aprobetxatuz. Horretarako, gaur egungo futbol zelaiko ateetako bat kenduko dute eta kaltetuta dagoen eremu osoko lurra altxako dute estalkiaren zimendu berriak jartzeko prestatuz. Hain zuzen, altzairu galbanizatuzko metalezko pilareen gainean jarriko dute estalkia, eta zur laminatuzko zein kristalezko egiturak izango ditu; estalkiak %5eko malda izango du sabaian, euri ura behar bezala botatzeko.